Parioa irabazi du Eusko numerikoak

Euskal Moneta elkarteak bere biltzar nagusia antolatu du irailaren 23an Uztaritzen. Bilan baikorra plazaratu du tokiko monetak. Hain zuzen, "euskokart" txartelaren parioa erraz irabazi du elkarteak. Izan ere, 771 partikularrek zabaldu dute euskotan transferentziak egitea ahalbidetzen duen kontua.

Maite UBIRIA|2017/09/26 08:15|0 iruzkin
Dkzngm-xkaevkaf
Euskal moneta elkarteak bere biltzar nagusia antolatu zuen irailaren 23an Uztaritzen. ©Bizi

Joan den irailaren 19an bete zen, egunez egun, "euskokart" sinbolo gisa hartuta euskal monetaren eredu numerikora igarotzeko trantsizio prozesua.

Zehazki, martxoaren 19an antolaturiko lehenengo Eusko Egunaren karietara abiatu zuten egitasmo berria tokiko txanponaren bultzatzaileek. Helburu orokorra "Internet bidezko ordainketak" ahalbidetzea zen. Erronka zehatza, aldiz, lehenengo sei hilabeteetan 500 lagunek kontu korrontea irekitzea.

Eusko numeriko horren arrakasta irudikatzen dute elkarteak plazaraturiko zifrek. Sei hilabete hauetan 771 herritarrek zabaldu dute kontu korronte bat. Hilero egiten den truke automatikoaren bidez denbora horretan 27.500 euskotik goiti sartu dira kontu korronte horietan.

Zifra esanguratsuak

Era berean, ekonomia alorreko eragileen aldetik "jokabide aski baikorra" izan da.

Hartara, abantzu 200 merkatarik euskokarta tresna gisa onartzeko hautua egin dute eta 390 enpresek eta elkartek kontu bat zabaldu dute. Ondorioz, trantsizio numerikoa abiatu aitzin 548.000 euro baziren zirkulazioan, egun 673.000 euskotik goiti dira. Finean, trantsizio numerikoari esker %22 emendatu da sei hilabeteko epean txanponaren zirkulazio fluxua. Arrakasta horren atzetik hainbat faktore badira. Batzuk filosofikoak lirateke, hala nola ekonomia berriz lurraldeari atxikitzeko jendartean dagoen kezka. Beste batzuk, zeharo praktikoagoak, eusko numerikoaren erabilgarritasunari lotuak.

Euskotan kontu korronte bat irekitzea kitorik da, kontua atxikitzeko kuotarik ez dago eta ordainketen gaineko komisiorik ere ez. Irailaren 23an Uztaritzeko Lapurdi gelan egin zuten Euskoaren Biltzar Nagusian ekimenari buruzko bilan baikorra aurkeztu zuten. Finean, elkarteak aitzineratu zenbakiak eskuetan, jadanik erran daiteke euskoa dela billeteak eta kontu sistema propioa proposatu dituen lehenengo tokiko moneta.