Kazeta

Espagnac, Saint-Pée eta Brisson senatariak hautatu dituzte

Pirinio Atlantikoko departamenduan, zortzi zerrenda lehiatu dira irailaren 24an iragan diren Senatuko hauteskundeetan. Frédérique Espagnac, Denise Saint-Pée eta Max Brissonek boza gehien eskuratu dituzte. Estatu frantsesean, eskuina nagusitu da eta horri esker ganbaran duen pisua indartuko du.

Brisson eta Espagnac, artxiboko irudi batean. (Gaizka IROZ)
Brisson eta Espagnac, artxiboko irudi batean. (Gaizka IROZ)

Ipar Euskal Herriko hiru senatariak hautatu dituzte: Frédérique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pée. Horrek erran nahi du Senatuan eskuina, ezkerra eta zentroa ordezkatuak izanen direla Pirinio Atlantikoetako departamendu mailan.

Pirinio Atlantikoetan hiru senatari zituzten hautatzeko. Gaur arte bi sozialistak ziren -Frederique Espagnac eta George Labazée- eta bat zentrista -Jean Jacques Lasserre-. Irailaren 24an hautestontziek erabaki zuten Espagnac berriro hautatua izatea.

Hain zuzen, senatari sozialistak bozen %34,04a eskuratu zuen (609 boz). PSko disidente gisa aurkeztu zen George Labazéek soilik bozen %11,91a lortu zuen (213 boz). Hauteskundeak iragan baino egun batzuk lehenago Lehen ministro ohia den Bernard Cazeneuvek Espagnacek orain arte egindako lana agerian ezarri zuen. Euskal Elkargoaren sorrera laguntzeaz gain, apirilaren 8an burutu zen desarmearen aldeko ekarpena goraipatu zuen.

Denise Saint-Pée bigarren gelditu zen. Modem eta UDI batzen dituen zerrendak bozen %22,86a lortu zuen. Oroitarazi behar da Jean-Jacques Lasserrek berriz ez aurkeztea erabaki zuela. Bere erranetan, lehentasuna eman nahi dio departamenduko kontseiluko lehendakaritzari.

Max Brissonen garaipenari esker, eskuina Senatura itzuliko da, beti ere departamendu mailan. Hain zuzen, Errepublikanoak alderdiko hautetsiak bozen %17,38a lortu zuen.

Eskuina garaile

Estatu frantses mailan, eskuinak irabazi ditu aise Senatuko hauteskunde partzialak. Orotara, 171 senatari ziren berritzekoak hauteskunde hauen bitartez, eta guztiak banatu gabe zirela 138 zituzten jada eskuindarrek.

Senatari berri hauek lehendik zituzten 142 hautetsiei gehituko zaizkie. Ondorioz, nabarmen ikusiko dute indartua euren indarra Senatu frantsesean. Bigarren postuan agertu dira Partidu Sozialistako kideak, hautetsiak hautatzeko moduak lagunduta. Emmanuel Macronen aldekoek, berriz, aurrez zuten indar berarekin jarraituko dute ganbaran, ordezkaritza gutxitua ikusteko aukera duten arren. Ultraeskuinak ez du ordezkaritzarik lortu.