Lan erreformaren kontrako protestak Hendaian

Lan erreformaren kontrako manifestazio bat antolatu dute Hendaian irailaren 21ean. Mobilizazioa hasi baino lehenago, hainbat sindikatuk Biriatuko ordainlekua blokatu dute eskubide sozialen defentsan. Orotara, 1.500tik gora lagun mobilizatu dira Hendaiako karriketan.

Kazeta|2017/09/21 11:30
Guz_ekintza_action_peage_lab_ehbai_aitzina_solidaires_biriatu_imiquelestorena03
Biriatuko ordainlekutik pasa direnei informazioa eskaini diete. ©Isabelle Miquelestorena

LAB sindikatu abertzaleak hitzordua finkatua zuen goizeko 10.30etan Hendaiako Joncaux industrialdean. Militanteak bertara hurbildu eta hortik gutira Lan erreformaren kontrako ekintza berri bati hasiera eman diote. Aldi honetan, Biriatuko ordainlekuan. Sud eta Solidaires sindikatuko militanteek baita Euskal Herriko Fronte Sozialak ere protestan parte hartu dute.

Sindikalistek, jendarmeen begiradapean, autobideko hesiak altxatu eta ordainlekua blokatu dute. Ekintzaileek esku artean zeukaten pankartetan ondoko mezuak irakurgai ziren: "Euskal Herria Macron legerik gabeko lurraldea" eta "Gure askatasun eta eskubide sozialen alde!", besteak beste.

Sindikalistek 11.30etan Hendaian abiatu den manifestazioarekin bat egin dute. CGT, Solidaires eta FSU sindikatuak ere bertan egon dira beren desadostasuna adierazteko. Erantzun anitza ukan du protestak. Eskualde langileak, Dassault eta Hendaiako Itsas erietxeako langileak presente zeuden, besteak beste.

Halaber, CFDT sindikatuak elkarretaratze bat antolatu du 12.00etatik 14.00etara Santiago zubian. Berrogeita hamar bat kidek parte hartuko du ekiemenean.

"Euskal lan markoa"

Hendaian abiatu den martxa Irungo Ficoban bukatu da. Oroitarazi behar da, Hiri tipien 20. Biltzarraren karietara Edouard Philippe Lehen Ministroa Euskal Herrira etorri behar zela. Aste honetan jakinarazi dute bere ordez Lurraldeen Kohesio ministroaren Estatu idazkaria den Julien Denormandie bere ordez etorriko dela.

LABeko idazkari nagusiak hitza hartzerakoan Estatu espainiar eta frantsesen lan erreformen aitzinean, euskal lan markoa aldarrikatu du. "Guk daukagu gure alternatiba: Euskal Herriko konbenioen alde borroka bat piztea. Horretan gabiltza eta horren alde segituko dugu borrokan", nabarmendu du Eñaut Aramendik.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK