Kazeta

Garapen Kontseiluaren etorkizuna jokoan

Euskal Elkargoaren sorrera dela eta, Garapen Kontseilua bezalako erakundeek beren etorkizunari buruz eztabaidatu behar dute. Horretarako, erakundeko kideak elkartuko dira irailaren 20rako antolatu duten biltzar nagusian.

Jean-René Etchegarayk proposamen bat aurkeztuko du biltzan nagusian. ©Isabelle Miquelestorena
Jean-René Etchegarayk proposamen bat aurkeztuko du biltzan nagusian. ©Isabelle Miquelestorena

Garapen Kontseilua Euskal Elkargoaren aholku batzorde bat izatea inposatu du NOTRE legeak. Erakundeko kideek elkarte izaera mantendu nahi dute. Lurraldean bizirik dauden indarrak mobilizatzen segitu nahi dute. Hausnarketa hori irailaren 20rako antolatu duten biltzar nagusiaren gai nagusia izanen da. Horretarako, kideak Itsasun bilduko dira 16.30etan.

Orain arte zuen funtzioa mantendu nahi du Garapen Kontseiluak. Gainera, haratago joan eta "demokrazia parte hartzailearentzat tresna" bat izan nahiko luke, kide batek azaldu duen bezala.

Halaber, Berdintasuna eta Herritartasun araudiak dioenez, instituzioaren osaketak parekidetasunaren printzipioa errespetatu behar du. Gainera, adinen piramidea ordezkatu behar du. Bi baldintza horiek ez lirateke oztopo bat izanen gaur egun 130 kide dituen kontseiluarentzat.

Urte bukaera baino lehen

Biltzar nagusian Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak aterabide bat aurkeztuko du. Horrek kide guztien nahiak asetzen ahalko lituzke. Proposamenak erakundearen etorkizuna ziurtatuko luke eta aldi berean osaketari dagokion araua errespetatuko luke.

Urte bukaera baino lehen Garapen Kontseiluak bere antolaketa berrikusi eta Euskal Elkargoarekiko duen harremana finkatu behar du.

Etchegarayk instituzioa bizirik mantentzea nahi du. "Garapen kontseiluaren egoera berezia da, orain arte beti erabakitzeko gaitasuna duten organismoen parte izan da", erantsi du.