Xan Idiart

Afasia maila neurtzeko CAT testa euskaraz izateko bidean

Pertsona baten afasia maila neurtzeko erabiltzen den CAT testa euskaraz izanen da datozen urteetan. Lan horretan dihardute neuropsikolinguistikan ikerlariak diren Marie Pourquié eta Amaia Munarriz Ibarrolak.

Amaia Munarriz Ibarrola eta Marie Pourquié neuropsikolinguistak CAT testa euskarara egokitzen ari dira. © Isabelle Miquelestorena
Amaia Munarriz Ibarrola eta Marie Pourquié neuropsikolinguistak CAT testa euskarara egokitzen ari dira. © Isabelle Miquelestorena

Euskarak ukanen du bere CAT testa. CATek, Comprehensive aphasia test erran nahi du ingelesez. Norbaiten afasia maila neurtzeko erabiltzen den testa da. Kate Swinburn, Gillian Porter eta David Howardek sortu zuten 2005ean ingelesa mintzo zutenentzat. Oroitarazteko, buruko odol kolpe bat ukan ondoren ager daitekeen mintzamenerako gaitasun falta edo galtzea da afasia.

CAT testa euskarara egokitzeko lanean dihardutenak Marie Pourquié eta Amaia Munarriz Ibarrola dira. Biak neuropsikolinguistan ikerlari dira. Nazioarte mailako Collaboration of Aphasia Trialists (Cats) sarekoak dira batez ere. “Hizkuntza guztietan aurkitzen da afasia. Test estandarizatu baten beharra zegoen afasiaren maila neurtzeko ber maneraz herri guztietan, baina hizkuntza bakoitzari egokitu behar zaio” azaldu dute bi ikerlari euskaldunek. 


Hain zuzen ere, ingelesarentzat eginiko testak ez du bortxaz balio euskararentzat. Ulermena neurtzeko adibidez, soinu hurbilekoak diren hitzak erabiltzen dira eta pertsona afasiadunak erakutsi behar du aitzinean dituen argazkien artean zein hitz entzun duen. Ingelesez "goat" eta "coat" antzekoak baldin badira ere, euskaraz "ahuntza" eta "paltoa" ez. Euskaraz, "argia" eta "ardia" hitzak hobetsiko dira adibidez, edo "ardoa" eta "artoa".

2020 arte lanean

2020 arte testa euskarara egokitzeko lanean ariko dira Marie Pourquié eta Amaia Munarriz Ibarrola. “Berri ona dela” diote diru laguntzaren luzapena lortu berri dutelako. Hain zuzen ere, biziki garrantzitsua iruditzen zaie test hori euskaraz izatea, zeren eta afasia egoeran diren euskaldun anitzek testa eta terapia erdaraz segitu behar baitituzte kasu gehienetan.

Bestalde, afasiari dagokionez adinean aurreratuak diren pertsonak dira hunkienak. CAT testa euskaraz izan ondoren, pazienteek zein ortofonistek, horiek bakarrik aipatzeko, afasiadunaren ama hizkuntza izan daitekeen euskara erabiltzen ahalko lukete.

Baina terapia hasi baino lehen, afasia gizarteratu behar dela oraindik dio Marie Pourquiék. “Norbaitek hitzak nahasten edo ahazten hasi orduko, alzheimer eritasuna duela edo zoro bilakatzen ari dela uste ohi dugu, baina ez. Buruko odol kolpe baten ondorioa dela ulertarazi behar da benetan”.