Urre meategien kontrako aldarria Baionan baturik

Errobin urrea esploratzeko baimenaren zain dago Sudmine enpresa. Parisek bere erabakia ezagutarazi baino lehen, proiektuaren kontra mobilizatuko dira irailaren 16an Baionan. Ipar Euskal Herriko eragile politiko andana bat urre meategiaren aurka agertu da.

Kazeta|2017/09/15 11:00|0 iruzkin
Guz_stop-mine_appel_manifestation_fundazioa_baiona_imiquelestorena01
Manifestazioa 16.00etan abiatuko da Laugatik, irailaren 16an. ©Isabelle Miquelestorena

Udazkenean Gobernu frantsesak jakinaraziko du Sudmine enpresari urrea esploratzeko baimena ematen dion edo ez. Proiektua ezagutzera eman zenez geroztik, Ipar Euskal Herriko elkarte baita eragile politikoak ere kontra agertu dira. Beren xedea? ingurumena eta tokiko ekonomia babestea, besteak beste.

Aurka direnen ahotsa entzunen da larunbat huntan Baionan iraganen den manifestazioan. Protesta 16.00etan abiatuko da Laugatik. Ekimena antolatu dutenek bidea idekiko dute eta horiekin bat egin duten hautetsiak ere presente izanen dira. Hala nola, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta Vincent Bru diputatu eta Kanboko auzapeza.

Hain zuzen, Baionako auzapezak gutun bat bidali zuen Ekonomia Ministeriora. Abuztuaren 16ean igorritako erantzunean Bruno Le Maire Ministroak gaiaz jabetu dela jakinarazi zion. Haatik, engaiatzeko borondatea erakutsi ordez, txostena Paul Delduc lurralde, etxebizitza eta ingurumenaren planifikazioko zuzendari nagusiari pasa ziola azaldu zion.

Azken egunetan mobilizazioarekin bat egin duen azkena Euskal Herriko Garapen Kontseilua izan da. Abuztuan Le Maire eta Nicolas Hulot Ekologia Ministroari gutunak bidali zizkien erakundeak. Bere helburua gizartearen iritzia azaldu eta elkarrizketa bat eskatzea zen. Duela guti arte ez zuen erantzunik jaso eta manifestaziora joateko deia luzatzea erabaki zuen. Geroztik, ostegunean, agenda arrazoiengatik ez zuela bilkurarik antolatzen ahalko erantzun dio ministroak. Haatik, Lurralde Antolaketaren, Bizitokien eta Naturaren Zuzendaritza nagusia (DGALN) Garapen Kontseiluarekin harremanetan sartuko zela segurtatu dio.

Hamaika elkarte, jarrera bakarra

Anitzak dira larunbateko ekimenera joateko deia luzatu duten elkarteak. Hala nola, Bizi, ELB, Biharko Lurren Elkartea, Idoki, Lurzaindia, Inter AMAP eta CADE. Halaber, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) ere proiektua deuseztatzea aldarrikatu du. Hala egin zuen ere atzo, ostegunean, Loiret eskualdean Bizik Sudmine enpresako nagusiaren etxe aitzinean.

Panpi Olaizola EHLGko ordezkariaren aburuz, erabakia "politikoa" da. Hori dela eta, arduradun politikoek hautatu behar dute "irabazi ekonomikoen edo gizartearen gehiengoak nahi duenaren alde jotzen duen".

Sudminek aitzina eraman nahi duen proiektuak Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Zuraide eta Uztaritzeri eraginen lieke. Lurralde hauetako 126 kilometro karratuetan urrea esploratzeko baimena eskatu du enpresak. Kontra agertu direnen ustez, egitasmoak eragin zuzenak izanen lituzke tokiko laborantzan.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK