Linky: hiru auzapez xiberotarrei buruzko erabakia hurrengo astean

Irailaren 15 honetan, hiru auzapez xiberotar Paueko auzitegi administratiboaren aitzinetik pasa dira. Prefektura eta Enedisek haienak ez diren kontagailu elektrikoei buruzko erabakiak hartu izana leporatzen diete. Aste baten buruan ezagutzera emanen du deliberoa epaileak.

Kazeta|2017/09/15 17:18|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2017-09-15_a_16
Auzitegian abokaturik ez zuten auzapezek. Enedis-ek aldiz bai. http://pau.tribunal-administratif.fr

Aste batez epailearen erabakiaren beha egon beharko dira Iruri, Ozaze-Zuhara eta Hauzeko auzapezak. Paueko auzitegi administratiboan ziren irailaren 15 honetan. Enedis sozietatea eta prefekturak haienak ez omen diren kontagailu elektrikoei buruzko erabakiak hartu izana leporatzen diete. Erabaki horiekin, Linky kontagailuen instalazioak etetea edo arautzea zen helburu.

“Dirudienez, kontagailuak ez dira Herriko Etxeenak” aitortu du Hauzeko auzapeza den Pierre Carricartek. Hain zuzen ere, Sdepa Pirinio Atlantikoetako energiaren sindikatuarenak izanen lirateke. Horregatik, epaileak haien alde jokatuko duela ez dute espero auzapezek.

Auzitegian ziren denboran, kanpoan 30 bat pertsona bildu ziren haien sostenguz. Gehienak Xiberoako Linky kontagailuen kontrako kolektibokoak ziren baina Paueko biztanle batzuk baziren ere. Horrez gain, goizean EH baik bere sostengu osoa adierazi nahi izan die auziperatuei. Linky kontagailuen inguruko informazio gehiago eskatu du alderdiak. Haien alde bilduriko pertsonak guziak eskertu nahi dituzte auzapezek.