Kazeta

Badira bi hilabete idatzi zuen gutuna jaso dute Kepa del Hoyoren abokatuek

Uztailaren 16an, zendu baino bi aste lehenago, galdakoztarrak bidalitako gutuna jaso dutela  jakinarazi dute Kepa del Hoyoren abokatuek. Atzerapen hori euskal presoek pairatzen dituzten "eskubide urraketen" eraginez gertatu dela salatu du Etxeratek.

Peru eta Maite, Kepa del Hoyoren semea eta bikotea. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Peru eta Maite, Kepa del Hoyoren semea eta bikotea. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Agiri baten bidez, Etxeratek jakinarazi du Kepa del Hoyoren abokatuek iragan irailaren 6an euskal presoaren gutun bat jaso zutela. Galdakoztarra zendu baino bi aste lehenago bidali zien, uztailaren 16an hain zuzen.

Euskal preso politikoek haien konfiantzazko abokatuen aldetik dagokien asistentzia juridikoa izateko pairatzen dituzten zailtasunak etengabe gertatzen direla dio elkarteak. Eskutitza jasotzeko atzerapenak horren ispilu dela uste du. Beste behin ere, salbuespenezko politikak ondorio larriak eragiten dituela deitoratu du, "baita presoen osasun egoeran ere".

"Euskal preso politikoen euren jaioterritik gertu egon ahal izateko aurkeztu dituzten helegiteei erantzunez, haien asistentzia juridiko zein osasun asistentzia bermatuak daudela argudiatzen dute behin eta berriz epaileek, helegiteei ezetza emanez. Jakinda bi hilabeteko atzerapena izan duela Kepa del Hoyok bere abokatuari idatzitako gutunak, mendeku parametroetan mantentzen ari diren urrunketa eta dispertsio politika mina eta sufrikarioa eragiteko baliatzen dutela salatu nahi du Etxerat Elkarteak".

Hori dela eta, "premiazkoa" iruditzen zaio. "Urrunketaren amaiera eta gaixo diren euskal preso politikoen askatasuna gauzatzea, hori da euskal gizarteak nahi duena eta denon ardura da ahalik eta lasterren hori lortzea".