Sudmineko presidentearen etxearen aitzinean ekintza burutu du Bizik

Bizik Sudmine enpresak Ipar Euskal Herrian burutu nahi duen urre meategiaren kontrako ekintza burutu du Seichebrièresen, Parisetik hurbil. Hain zuzen, hamazazpi militantek xantier bat antzeztu dute Christian Vallier enpresako lehendakariaren etxearen aitzinean.

Iurre BIDEGAIN|2017/09/14 08:36|0 iruzkin
Photo
Sudmine enpresako Christian Valliers lehendakariaren etxe aitzinean elkartu dira Biziko kideak. © Iurre BIDEGAIN

Goizeko 08.00ak aldera Biziko hamazazpi militante ailegatu dira Seichebrièresera, Sudminek Ipar Euskal Herrian burutu nahi duen proiektua salatzeko. Parte hartzaileek ekintza baketsu honen bidez Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren jarrera jakinarazi nahi izan du: "Urre meategiei ez!". Mezu bera karrikara eramanen du Stop Mines kolektiboak irailaren 16an Baionan iraganen den manifestazioan.

Euskal Herriko muga pasa eta zuzenean Vallier interpelatu dute Biziko kideek. Enpresak bere xedearekin segitzen duenez, hots Gobernuaren aldetik baimena lortzea, beren ahotsa Parisetik hurbil eraman dute militanteek. Horretarako, 700 kilometro zeharkatu dituzte pankarta, banderola, esku orri, baita obra jantziekin ere.

Materiala eskuan, xantier bat instalatu dute Sudmineko enpresako lehendakariaren etxearen aitzinean. Horrelako proiektu batek eragin dezakeena antzeztu nahi izan dute ekimenaren bidez. Hain zuzen, presidenteari azaldu nahi izan diote Ipar Euskal Herriko gizarteak jasaten ahalko lukeena.

Lehendakaria ez zegoen bere etxean itxura guzien arabera, baina Michaël Laloua enpresako zuzendariarekin elkartzeko parada izan dute goiz bukaeran. Garapen Kontseiluak igorri zion gutunaren berri ez zuela ukan erran die, besteak beste.

Goizean zehar, herriko auzapeza, Philippe Vacher, hurbildu da eta herriko etxera gonbidatu ditu. Biziko kideek Sudminen proiektua aurkezteko baliatu dute. Ez zela jakinean eta haien ekintza begi onez ikusten zuela aitortu die Vacher-k, laboraria zela esan ondoren. Hala ere, lurralde bat ez dela "garatzen ahal ukitu gabe" adierazi du, proiektu orok ondorioak izan ditzakeela esanez. Berantago, azalpenak jaso eta argazki batzuk hartu dituzte jendarmeek, giro lasaiean.

Atsaskaria tokiko ekoizpenekin

Christian Vallieren etxearen aitzinean, berriz, gizartearen borondatea errespetatzea aldarrikatu dute eta bide batez, 126 kilometro karratuko zabaleran urrea esploratzeko baimena bertan behera uztea eskatu diote proiektuaren arduradunari. Gobernuak bere erabakiaren berri udazkenean eman beharko luke.

Azken horiek egin dieten harrera "bikaina" azpimarratu du mugimenduak. Gehienek ez zuten proiektua ezagutzen. Eguerdi aitzin, Geo Plus Environnement erakundeko egoitzara hurbildu da Bizi, Vitry-aux-Loges herrira. Bertan Sudmineko zuzendaria den Michaël Lalouarekin elkartzeko aukera izan du.

Garapen Kontseiluak bidalitako gutunaren berririk ez duela erran du. Oroitarazi behar da, Caroline Phillips egitura horren lehendakariak ez duela enpresarengandik erantzunik jaso eta larunbateko manifestaziora joateko deia luzatu duela.

Gobernuaren erantzunari begira ezkor

"Lehen aldia da proiektuaren kontra dagoen elkarte batekin mintzatzeko parada dugula", ohartarazi dio Jean-Noël Etxeberri, Txetx, Biziko bozeramaileari. Lalouaren aburuz, Ipar Euskal Herriko erakunde zenbaitzuek proiektua desitxuratu eta kontrako jarrera areagotu dute. Enpresaren xedea ez dela "meategi industrial" bat egitea azpimarratu du.

Bozeramailearen adierazpenei erantzunez, Gobernuaren erantzunarekiko ezkorrak direla aitortu du zuzendariak. Badira hiru urte horren berririk ez dutela gaineratu du eta etorkizunean ildo beretik segituko duela uste du. 

Ekintza bukatu aitzin, esku orriak banatu dizkiete herritarrei. Gainera, 17.00ak aldera atsaskari bat antolatu dute herriko etxearen aitzinean. Bertan ukituak diren hamaika herriko ekoizpenak eskainiko dizkiete. Hala nola, AOC sor markako gasna, tokiko garagardoa, erreximenta… Sudminen urre meategiak arriskuan jartzen ahalko lituzkeen produktuak agerian utzi ditu Bizik.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK