Glisseguna 2017 uhaina hartzeko prest

Heldu den larunbatean izanen da 16. Glisseguna Angeluko Club hondartzan. Aurtengoan ere, euskara, surfa eta giro ona izango dira protagonistak Seaskak antolatzen duen ekitaldian, baina herri kirolak, euskal dantzak, musika eta taloak ez dira faltako.

Haritz LARRAÑAGA|2017/09/13 11:39|0 iruzkin
Guz-glisseguna-1
Glisseguna, lerra kiroletan ere euskara erabiltzeko parioa.

Euskal Herri osotik gerturatutako surflari eta euskaltzaleek bat egingo dute Angeluko hondartzan urtero lez, Lapurdiko olatu eta giro onarekin gozatzeko. Irailaren 16an edo 17an izango da ekimena, itsaski eta eguraldiaren arabera. "Olatu onenak izango diren eguna hauta dezakegu, baina jendeak nahiago du larunbatean egin, beraz, baldintzak betetzen badira, larunbatean izango da txapelketa", azaldu digu Ander Ithurbidek.

Ithurbide Lapurdi Surf Elkarteko kidea eta ikastolako ikasle ohia da. Duela hamar urte hartu zuen Glisseguna antolatzeko ardura, eta ordutik, urtez urte berrikuntzak atxiki ditu, baina funtsean, helburuak berbera izaten jarraitzen du, alegia, "surfa eta euskara uztartuz, momentu goxo bat pasatzea".

16 urteko ibilbidea

Seaskako gurasoek 2000. urtean egin zen inkesta soziolinguistiko baten emaitzen harira erabaki zuten Glisseguna antolatzea. Iparraldeko gazteek euskara antzinako hizkuntza bat bezala ikusten omen zuten, zaharkitua eta eguneroko behar komunikatiboei erantzuteko ezgai. Gauzak honela, guraso talde batek zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuen eta Lapurdiko kostaldean oso hedatuta dagoen surfa bitarteko gisa hartuta, gazteak biltzeko egun bat antolatzea erabaki zuten.

Lehen urteetan surfa bakarrik ikus zitekeen. Gerora, alokatutako skate arrapalak ere jartzen hasi ziren. Egun, egitaraua oso zabala da eta lekua ere aldatu egin da; Angeluko skate pistaren ondoan ospatzen da jaialdi nagusia, Barrako hondartzaren inguruan eta, bertan, skate eta roller pistak, itsas kirol desberdinak probatzeko guneak, kontzertuak, haurrentzako puzgarriak eta animazioak izaten dira.

Gaur egun, ordea, festa nagusia eta surf txapelketa ez dira egun berean egiten, eta lekua ere ez da berbera izaten. Surf txapelketa urte batzuetan Zaldunen hondartzan egiten zen, baina orain Club hondartzan egiten da, Amodioaren Ganberako hondartzaren ondoan.

Gurasoek surf txapelketaren ardura surflarien esku utzi zuten eta Lapurdi Surf Elkartea da egun antolakuntzaren zama bere gain hartzen duena; beraz, txapelketaren data ere haiek ezartzen dute. Txapelketa serio bat baino ondo pasatzeko aitzakia bat izan arren, olatuen kalitatea irizpide garrantzitsua da, eta beraz, ilgora edo ilbehera izango den asteburua hautatzen dute surflariek, Angeluko hondartzarako egokiena baita.

Surf lehiaketa euskaraz

Txapelketari dagokionez, urtero zerbait gehitu edo aldaketak egiten saiatzen dira antolatzaileak, parte-hartzaileen onerako eta ikuskizuna hobetzeko helburuarekin, baina oinarrizko formatuak bere horretan jarraitzen du. Helburua, surfean ere euskaraz aritzea da.

Lehiakideen artean badira euskaldunak, euskara ikasleak eta baita, euskaraz ez dakiten arren, egitasmoarekin bat egiten duten surflariak ere. Horregatik, antolatzaileak lehiakide bakoitzaren euskara mailaren araberako jokoak egiten saiatzen dira. Esate baterako, taldeei euskarazko izenak jartzea eta talde bakoitzak lelo bat euskaraz asmatzea eskatzen zaie. Hortik aurrera, dena libre da.

Sub 14 eta Sub 18 kategorietako txapelketak, zein nesken lehiaketa, ohiko formatuan egiten dira eta puntuatzeko irizpideak ere ohikoak dira. Kategoria irekian, ordea, eredua ez da ohikoa. Izan ere, "tag team" formatuan egiten da; hau da, taldeka.

Kategoria nagusia taldekako lehia da, eta itsasoan bakarrik ez, hondartzan ere lehiatu behar izaten dute surflariek. Horrela, olatu gainean, espartin jaurtiketan eta sokatiran aritu ostean puntu gehien biltzen dituen taldeak irabazten du.

Izena emateko epea egunean bertan irekitzen da, goizeko 09.30ean eta parte hartu nahi duenak 10 euro ordaindu behar du. Aurten gainera, sari asko izango da, laguntzeko prest agertu diren markak ere asko baitira, eta lehiakideen artean zozkatzeko bi surf taula ere izango dira.

Magnum ikertzailea Angelun

Azken urteetan txapelketa aitzin bideo labur bat kaleratzen dute giroa berotzeko. Film bat hartu eta Angeluko hondartzara egokitzen dute. Duela bi urte, "Point Break" filmeko pasarte bat antzeztu eta "Punttu Break" deitu zuten. Iaz, "Baywatch" serie famatuko sarrera irudiekin "Alerte a Angelu" egin zuten, eta aurten, Magnumen txanda da.

Hawaiiko ikertzaile pribatuaren irudia agertzen da kartelean, bere bibote lodiarekin. Glissegunerako deialdi bideoan Lapurdin ikus daiteke Magnum, beraz, posible da aurtengoan lehiakideen artean izango da.