Kronika
 
Kataluniako segalariak

IRITZIA- Kataluniari buruzko gaurkotasuna pil-pilean dagoenean, herrialdeari keinu bat egin nahi izan dio idazleak. Gaia jorratzen dituzten kantuak gogora ekarri ditu Aurkenerenak. "Lagun ditzagun katalanak beraiena lortzen, eta gero guk gauza bera egin dezagun".

Joseba AURKENERENA|2017/09/08 17:15|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Joseba Aurkenerena iruditan.

Sortu orduko morrontzaren lepokoa jarri ziguten. Eskoletan haien mintzaira inposatu, haien geografia erakutsi. Haien nortasun agiriak ezarri zizkiguten eta haien araupean bizi behar izan dugu beti. Euskaldunok beti izan dugu askatasuna amets, baita gure adiskide historikoak izan diren katalanek ere. Libertatearen bideetan barna elkarrekin ibili garela erran daiteke. Arima bikiak gara nahikari eta ametsetan. Xabier Lete euskal kantari eta olerkari handiak maisukiro laburbildu zuen euskaldunok katalanekiko izan dugun miresmena. Gure bihotzetan ongi sustraiturik dagoena islatzen du kantu eder honek. Ikus dezagun:

        

CANÇO A CATALUNYA                                                                                                                                                                          
                                                                                            
Anai zaharren lur gazte borrokan ezaguna,                         
ttiki geralako haundi aurkitu nahi duguna.
guregana zugandik datorkigu eguna,
itsasaldeko eguzki bero eta biguna.

Zu zera beste aberri, etxe hurbil maitea,
jakituriak guretzat mugan duen atea.
Hemendik aldegin eta behar balitz joatea
zure altzoan nahi nuke jasoa izatea.

Oi Katalunia, oi Katalunia!

Itsas ilun honetatik zure argi haundira
bihotz begiak zabalik nagokizu begira.
Urteak eta mendeak zugan iraupen dira,
eraman gaitzazu azkar askatasun berrira.

Ez zera zekenen hobi, baizik langile lurra,
Euskadiko haur ttikiak duen anai zuhurra.
Zure itzalak uxatzen dit heriotzaren beldurra,
Inoiz errausten ez dena baita gure egurra.

Oi Katalunia, oi Katalunia!


Gure historiaren momenturik zailenetan ere, konplizitatea izan da euskaldunen eta katalanen artean. Elkarrekiko miresmena, nolabait. Lluis Llach katalan kantariak L´estaca abesti gogoangarria egin zuenean, Xabier Letek zabaldu zuen Euskal Herri osoan zehar euskaraz egindako bertsioaz (Agure zaharra)



Si jo l'estiro fort per aquí
i
tu l'estires fort per allà,

segur que tomba, tomba, tomba,

i ens podrem alliberar.

  Hik bultza gogor hortikan
   ta bultza nik hemendikan,
 ikusiko dek nola nola nola
laster eroriko dan.
   

Euskal Herriaren eta Kataluniaren izate paraleloak, libertate egarri aseezinak hor darraite gaur egun ere. Euskaldunok gure historia daukagu, katalanek berea. Bakoitzak bere bideak urratu ditu askatasunaren bidean. Euskaldunok luzaz bide galduetan barna ibili gara. Zapalkuntzak bultzatu gintuen horretara, zalantzarik gabe. Gaur, norabiderik gabe gabiltzala dirudi. Iparrorratzak jadanik ez du iparra seinalatzen, erotuta, jira eta biraka dabilela dirudi, norabidea ezin zuzenduz.

Bitartean, anai-arreba katalanak aitzina ari dira, hortzak erakutsiz.
Jadanik, independentziatik gertu. Eta gu? Oraindik gure labirintotik ezin ateraz. Katalanek norabidea erakutsi digute. Eraman dezagun Euskal Herria askatasunezko portura, dagokion independentziarantz! Lagun ditzagun katalanak beraiena lortzen, eta gero guk gauza bera egin dezagun. Segalarien tenorea da. Igitaia astindu beharra dago, zir-zar! Eta dena bide baketsu eta demokratikoen ildotik.  Horrela dio Kataluniako Els segadors ereserki nazionalak.
                       

Orain da ordua, segalariak.

Orain da erne egoteko ordua.

Beste ekain bat datorrenerako

ongi zorrotz ditzagun tresnak.

Igitai zartada ona,

Igitai zartada ona,

Herriaren defendatzaileak!

Igitai zartada ona!

Egin beza dardar etsaiak,

gure bandera ikustean.

Urrezko galburuak erorarazten ditugun bezala,

komeni denean kateak segatzen ditugu.

Igitai zartada ona,

Igitai zartada ona,

Herriaren defendatzaileak!

Igitai zartada ona!

    

Egiaren tenorea iritsi da. Katalanek sega dute eskuan, arrazoia justizian eta libertate-nahia bihotzean. Espainiarrek ezpata eta gerla zikina, beti bezala. Katalanek oraingo honetan dena jokatu beharra daukate, nire ustez, jadanik jokaldia irabazia baitaukate ere. Euskaldunok badugu zer ikasi anai-arreba katalanekin. Zeren zain gaude? Abia gaitezen behingoz eta hautsi ditzagun jarri dizkiguten kateak! Ez gara zakurrak, ez gara lapurrak kataiaz loturik ibiltzeko ---erran zigun Telesforo Monzon handiak, eta Lluis Llach-ek eta Xabier Letek elkarrekin lau haizetara aldarrikatu:

                            Hik bultza gogor hortikan
                            ta bultza nik hemendikan,
                            segur que tomba, tomba, tomba,
   
                             i ens podrem alliberar.