Bere eskaintza Baiona eta Angelura zabaldu du Mintzalasaik

Euskararekin bat egiteko xedea duen Mintzalasai eremu zabalago batera hedatuko dute aurten. Orain arte Biarritzen antolatzen zuten ekimena Baiona eta Angelura ailegatuko da. Irailaren 9an abiatuko den egitarauak sei asteotan 75 bat jarduera proposatuko ditu.

Maite UBIRIA|2017/09/08 08:06|0 iruzkin
0907_eh_mintzalasai
45 elkartek Mintzalasai ekimenean parte hartuko dute. ©Isabelle Miquelestorena

Mintzalasai bere seigarren ediziora iritsiko da aurten. Hartara, euskararen aldeko ekimenak hegalak zabalduko ditu, udazken atari honetan, Biarritzen ez ezik baita Baionan eta Angelun ere jarduera andana proposatuz, Garako artikuluak azaldu duenez.

Azkeneko inkesta soziolinguistikoak beste behin ere agerian utzi duenez, euskararen erabilera apala da oso Ipar Euskal Herriko biztanleriaren herena biltzen duen BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) hirigunean.

Hain zuzen ere, hiru hiri hauetan bizi diren lagunen %92k inoiz ez du euskara erabili eta karriketan izanen diren hizketaldien artean %2 baizik ez da euskaraz egiten.

Alta, BAMen 15.000 euskaldun eta elebidun hartzaile bizi dira eta herritar horiei bereziki zuzentzen da "Uste baino gehiago girelako" leloa duen aurtengo Mintzalasai.

Orotara, ondoko sei asteotan 75 bat jarduera antolatuko dituzte, euskara mintzarazteko hiru hiri nagusietan. "Euskaltzaleak bateratzea eta boteretzea" xede duen ekimena aurrera eramateko 45 elkartek eginiko lana goraipatu zuten atzo, aurtengo egitarauaren aurkezpenean.

Egitaraua

Proposamen franko jasotzen du www.mintzalasai.eus atarian eskura dagoen egitarauak. Hartara, irailaren 14an, Baionan, "Harri (ihes)iak", Kalakan taldearen kontzertua izanen da. Irailaren 17an, Glisseguna eginen dute Angelun. Irailaren 23an, azkenik, Biarritzeko Marion aintziraren inguruan, bereziki familiendako prestaturiko bestaz gozatzeko parada izanen da, bistan da, euskaraz.