Idoia ERASO

Gobernuaren erreformen eraginez zalantza nagusi ikasturte hasieran

Aldaketa eta zalantza artean abiatu da ikasturtea Ipar Euskal Herrian. Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidentearen erreformen eraginez kontratu lagunduak murriztu dituzte. Horrek zalantza asko sortu du hezkuntza zentroetan. Jean-René Etchegaray auzapezak hezkuntzari loturiko ildoei buruz hitz egin du irailaren 5ean.

Gobernuaren bi erreformek eragin zuzena izan dute hezkuntzan. ©Isabelle Miquelestorena
Gobernuaren bi erreformek eragin zuzena izan dute hezkuntzan. ©Isabelle Miquelestorena

Eskola erritmoen gaia izan da ikasturte hasierako protagonistetako bat. 2013. urtean François Hollanderen gobernuarekin lau eguneko eskola astea lau egun eta erdiko bihurtu zen, eta hori plantan ezartzeko hezkuntza zentroek eta herriko etxeek egituraketa lan handia egin behar izan zuten. Macron boterera heltzean, hori aldatu eta lehengo ordutegira itzultzeko parada eman du. Ipar Euskal Herriko herrien %20k hori egin dute, Garako artikuluak azaldu duenez.

Bestalde, Gobernuak kontratu lagunduen kopurua anitz murriztu du, eta horren ondorioz eskoletan elbarritasunen bat duten haurrekin ari diren laguntzaile askok aurreko astean kontratua ez zitzaiela berrituko jakin zuten. Akademia Nazionaletik arazo hori konpontzeko langileei beste lan proposamen batzuk egingo zaizkiela baieztatu du, baina egoera oraindik zehazteke dago zentro askotan.

Zeresana eman duen Macronen beste erreforma bat ebaluazioari dagokio; izan ere, 2021erako baxoa azterketaren ebaluazio sistema aldatzea erabaki du, besteak beste.

Urtero bezala, hainbat eskolatan protesta egin dute irakasle lanpostu kopuruak ez direlako eskatutakoetara egokitu. Angeluko Jean-Jaures eskolan esaterako, gurasoek elkarretaratzea egin zuten irailaren 5ean bi lanpostu erdien desagerpenaren arriskua salatzeko. Ikasleen kopuru zehatzak kontuan harturik, lanpostuen azken banaketa gaur ezagutaraziko dute.

Baiona

Atzo Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak hiriko eskoletako bisita egin zuen, Herriko Etxeak hezkuntzari dagozkion politikak aurkezteko. Lau egun eta erdiko erritmoa ezartzeko Udalak urte hauetan egindako lana nabarmendu zuen, eta lau egunetara pasatzeko eragile ezberdinekin "kontzertazioa" egingo dutela nabarmendu.

Bestalde, pozik agertu da Arenes auzoko eskola publikoa eredu elebidunera pasatu delako. Gogora ekarri zuen duela hamabost urte, zinegotzi zelarik, helburu horrekin bertan egin zuen bitartekaritza lana, baina ez zela gauzatu irakasleen kontrakotasunagatik.