Euskal presoak: ohikoak ez diren bi erabaki

Zuhaitz Errasti presoaren hurbilketa eta Mikel Irastorzaren askatasuna kontutan hartu beharreko urratsak dira gaia hurbiletik segitzen dutenen aburuz.

 

Kazeta|2017/08/11 16:35|0 iruzkin
Guz_manif_bagoaz_3656
Presoen aldeko aldarria Baionan antolatu zuten manifestazio batean. ©Aurore Lucas

Estatu frantsesaren eskutik ez ohikoak diren bi erabaki izan dira abuztuaren bigarren astean. Euskal preso batek kontrol judizial pean askatasuna lortu ondoren, beste bati Euskal Herritik hurbiltzeko eskaera onartu zioten. Egunero euskal presoen txostenak lantzen dituen Maritxu Paulus-Basurco abokatuak azken hori aldaketa "nabarmena" dela azpimarratu du.

Estatu frantsesean kondena betetzen duten euskal presoak hurbilketa eskaerak egiten hasi ziren 2014ean. Euskal Herritik hurbil dagoen kartzela bakarra Mont-de-Marsanekoa da, hain zuzen. Geroztik, Oier Ardanaz eta Alexander Akarregi lekuz aldatu zituzten Landesetara, kondena bukatzen ari zirela. Argumentu hori bera erabili zuten Oroitz Gurrutxaga, Ruben Rivero eta Xabier Aranburu bertara eramateko berantago.

Haatik, Zuhaitz Errastiren kasua ezberdina da. Lehen aldia da Justizia Ministerioak baikorki erantzun diola hurbilketa eskaera bati eta aldi honetan ez du orain arteko argumentura jo. Gobernu frantsesak ezetza eman ondoren, Pariseko administrazio epaitegiak Aretxabaletako presoaren alde jo zuen ekainaren 9an. Epaileak bi arrazoi nabarmendu zituen: Errasti aita dela eta hurbileko senide batek osasun arazoak dituela.

"Epaileak baldintza pertsonaletan oinarrituz hartu du bere erabakia. Gure aburuz, kasu antzekoak atzeman daitezke beste euskal preso batzuengan", ohartarazi du abokatuak. Hemendik aitzina, helegiteak banaka aztertuak izango dira eta honakoa azpimarratu du: "ez da erabaki xume bat". Hain zuzen, urrats garrantzitsu bat dela uste du.

Mikel Irastorzaren askatasuna -abuztuaren 7an libratu zuten- jarrera aldaketa baten seinale da. Kasu honetan ez diote baldintzapeko askatasuna eskaini kondena bukatzear dagoelako, aske utzi dute kontrolpean bere auzia iragan arte. Oroitarazi behar da, Juan Ignacio Zoido Barne Ministro espainiarrak "Nerin" operazioan burututako atxiloketak ETAren kontrako "kolpe gogorra" izan zirela goraipatu zuela. Gainera, Irastorza erakundeko buruzagi "nagusitzat" jo zuen. Zigorren eta askatasunen epailearen iritziz, berriz, ikerketak ez du bere presondegiratzea justifikatzen.

Ateak ideki

Jada uztailaren 10ean, joera aldaketa bat nabaritu zuen Parisera bidaiatu zuen delegazioak. Hala baieztatu du bilkuretan parte hartu zuen kide batek. Topaketa horietako bat Estatu frantseseko Giza Eskubideen Aldeko Batzordeko lehendakari den Christine Lazergesekin iragan zen. Bilkura ondoren, Nicole Belloubet Justizia Ministroari gutun bat bidali zion Lazergesek. "Euskal presoen egoera berriz aztertzea galdetu diot", aipatu du.

Ez da lehen aldia gaia jorratzen duela Lazargesek. Hain zuzen ere, Jean-Jacques Urvoas ministro sozialista ohiarekin ere hitz egin zuen, baina kargua utzi baino lehen azken horrek ez zion hitz emandako erantzuna igorri. Ikusi beharko da, bide berri bati ateak idekitzeko prest dagoenez Gobernu frantses berria.