Euskal mitologiarekiko kuriositatea berpiztuko duen karrikaldia

"Urruña gaua" izeneko karrikaldiak euskal mitologiari buruzko kultura berpizteko xedea du. Heldu den abuztuaren 26an ehun eta hogei pertsonek parte hartzen duten ikuskizuna estreinatuko dute.

Iurre BIDEGAIN|2017/08/07 08:15|0 iruzkin
Gar_gaua_urruna_bobedme102
Parte hartzaileak taldeetan banatu dituzte, adibidez: jostunen taldea. ©Bob EDME

Badira hiru urte urruñarrek karrikaldi bat egitearen ideiari pentsatu zutela. Hain zuzen, garaian kabalkada bat sortu zuten eta horri segida emateko nahia sentitu zuten herritarrek. Gogo horrek gidaturik, euskal mitologiari buruzko karrikaldi bat antolatu dute: "Urruña gaua". Ikuskizunaren estreinaldia abuztuaren 26ean iraganen da Lapurdi kostaldeko herrian.

Iragan urtarrilean Joseba Aurkenerena idazle eta Kazetako kolaboratzaileak mintzaldi bat eskaini zuen Urruñan. Bertan karrikaldia egiteko proiektua aurkeztu zieten herritarrei. Parte hartu nahi zutenen izenak bildu zituzten, hain zuzen. Zerrenda horrek 120 izen bildu ditu.

Xarer Urrutia karrikaldiaren arduradunak azaldu duen bezala, oso garrantzitsua iruditu zaie euskal mitologiaren gaia jorratzea. "Aspalditik entzuten den arren, gure artean galdu den kultura da. Amatxik su bazterrean istorioak kontatzen zizkidan, baina gehienak desagertu dira", aipatu du. Sinesmen baita pertsonaiak ere zeintzuk diren islatuko dituzte emanaldian. "Merezi du horien berpiztea. Kuriositatea ekarriko du eta gu hor izango gara galderei erantzuteko. Historiaren kultura biziarazi behar da", erantsi du.

Elkartasuna eta elkar ezagutza

Adin ezberdinetako parte hartzaile guztiak taldeetan banatu dituzte. Alde batetik jostunak jantzi berriak egiteaz arduratu dira. Bestalde, beste parte hartzaile batzuek erraldoiak egin dituzte. Azkenik, dantza eta kantarien taldeak osatu dituzte, musikariak barne.

Kide guztien artean elkartasuna nagusitu dela nabarmendu du Urrutiak. "Edozein kolore eta erlijioko pertsonak nahasi dira, denak helburu bera betetzeko", ohartarazi du. Gainera, parte hartzaileen arteko loturak elkar ezagutzea bultzatu die. "Sekulako indarra nabaritu da. Proiektua oso polita da", aitortu du arduradunak.

"Urruña gaua" abuztuaren 26an estreinatuko dute. Oraindik ez dute pentsatu berriz eskainiko duten edo ez. Bitartean, lehen emanaldia 21.30ean abiatuko da. Urruñan gaindi ibili ondoren, herriko plazan dantza eta kantuak plazaratuko dituzte. Irribarrea ahoan, publikoa bertan izateaz gain, eguraldia ere lagun izango dutela espero du Xarer Urrutiak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK