Xermin CAMBLONG

Hatortxurock: "txori askeen unea heldu da"

IRITZIA- Xermin Camblongek festibalari buruzko nondik norakoak azaldu ditu. Ostegunetik iganderat iragan zen Lakuntzan (Nafarroa) euskal errepresaliatu politikoekiko, elkartasun jaialdi erraldoiena: Hatortxurocken hogeigarren edizioa, hain zuzen.

Milaka lagun bildu ditu egunero Hatortxuk Lakuntzan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Milaka lagun bildu ditu egunero Hatortxuk Lakuntzan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Koadro zoragarri -Beriain mendia eta Aralar mendikatearen artean-, gune apropos, programazio oparo eta mintzaldi interesgarri ezaugarriek defini dezakete Hatortxurocken 20. edizioa. Dena uztartua zen ongi iragan dadin. Eta izan da, antolatzaileek azpimarratzen duten bezala webgunean, festibalak aurreikusitako helburuak betetzeaz gain, indarberritu egin ditu. Erantsi dutenez: "orain dudarik ez da, lortuko dugu".

Ehunka eragile sozio-kultural eta artista baita milaka laguntzaile eta festibalari ere elkartasunez hurbildu ziren Lakuntzara asteburuan zehar edizioa gauzatzeko gisan. Presoen gaiaz jabeturik, auzolanari esker bizi eman diote 20. edizio bereziari, frogatuz, era berean, musika eta politika uztartu daitezkeela. Argi utzi dutenez, aurtengo edizioa ikaragarria izanik ere, are handiago izanen da ekimena preso, iheslari eta deportatuak aske izanen diren egunean.

Artistek eraman duten lana ekimena kolosala izan dadin azpimarratzekoa da baita ere. Bertako Berri Txarrak taldetik hasiz, Anestesia taldearekin bukatuz eta pasatuz Gozategi taldetik, euskal musika eszena guzia ordezkatua zen. Hori guti balitz, euskal herriko mugetatik at elkartasunez etorritako taldeak bazeuden ere, besteak beste, Obrintpaseko kantari katalana edo Talco, talde italiarra.

Musika ez zegoen denbora pasatzeko manera bakarra, eszenatoki nagusi erraldoietatik metro batzuetara, Naiz gunean, mintzaldiak proposatuak baitziren. Handik pasatu ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi edota eszena rockeko eragile emakume batzuk "rocka eta matxismoa" gaiaz eztabaidatzeko. Horrez gain, igandean ekitaldi berezi bat proposatua izan zen non festibalariek miretsi ahal izan zuten zentzuz betetako arrano baten hegaldia.

Antolakuntza oso ona izan da eta milaka laguntzaileen ahaleginak gunea garbi eta zerbitzu onak proposatzeko azpimarratzekoak dira. Giroa ere, paregabea izan zen, gune askean euskara, elkartasuna eta berdintasuna nabaritzen ziren. Edozein motako erasoak irmoki kondenatuz, batez ere, urgentziazko zenbakiarekin eraso sexistentzat.

Hurbildu diren milaka lagunen bozek ozenki zioten "nahikoa da, denak etxera!"

Hator, hator