Kronika
 
Egun bat Mendi Martxan

[KRONIKA] Euskal selekzioaren aldeko Mendi martxa abiatu zen uztailaren 29an. Lehenengo etapa Xiberoan gaindi burutu dute. Artzen Letonak parte hartzaileetariko bat izan da. Ekimena nola bizi duen azaltzeaz gain, Txuma Iturria koordinatzailearen azalpenak plazaratu ditu.

Artzen LETONA|2017/08/03 12:00

Hamazazpigarren Mendi Martxa genuen aurtengoa euskal selekzioaren aldekoa. Uztailaren 29an abiatu ziren Donaixtitik Santurtzin bukatzeko, 8. eguneko ibilaldia. Uztailaren 29tik agorrilaren 1era antolatu duten ibilbidea bi etapetan banatu dute. Hasiera batean, Xiberoan gaindi  4 etapa burutu dituzte eta ondoren, 70 laguneko taldea autobusez joan da Bizkaira.

Xiberoko lau etapetatik bat haiekin egin nuen, hots, Lexantzutik Larrainera. Egunaldi horren partekatzera natorkizue.

Goizeko 08.00etan zen hitzordua Lexantzüko plazan. Xiberoan laurdenaren beranta ohituretan sartuta izanik ere 8.00etan ttanko iritsi nintzen Lexantzuko plazara. Han zeuden mendizale guziak inguratuta, ikusten ez nuen baten entzuten, hurbilduaz ‘Pipas’ Robert Larrandabürü xiberotar alpinista eta mendi gidaren esplikazioei kasu egiten zebiltzan.

Pipasen erranak bukatzearekin bat, txistu hots baten jarioaldiarekin Mendi Martxa abiatu zen Larraneruntz, 8.05 zirelarik. Bost minutu horietan ohar bat atera zitzaidan: Non dira xiberotarrak? Pipas eta Etxebarreko sortzez baxenafartar batetik kanpo, ez zegoen besterik.  "Agian laurden baten ohitura horrekin huts egin zutela hasiera pentsa genezaken".

Abiatu aitzin Mapa bat eman zidaten eta jende guziaren bizkarrean banderola berde bat ikusten nuenez selekzioaren aldeko errebindikazioaz bat galdetu nuen, lotu eta taldean nahastera. Erran behar da beste banberola batzuk bazeudela euskal presoen sostenguz.

Etxebarreko bidea hartu eta Berterretxen harriaren aurrean Pipasek  hartu zuen hitza eta Berterretx aipatzean denak hasi ziren kantan.

 

Kantua bukatu eta berriz abiatu ginen bostmendietaruntz. Bakoitza bere erritmora, gazteenak 6 urte bazituen gehituenak 72 urte zituen. Ez galtzeko, lehenak zinta gorriak ezartzen zituen bide gurutzetan eta azkenek biltzen.

Ibilbide aberatsa  zen. Jendeen arteko trukaketak hor ziren herrietako errealitateen partekatzeko, euskal herriko historiak eta beste. Zazpi lurraldetako jendea zebilen nahiz eta bizkaitar eta gipuzkoarrak izan gehiengoan xilabakoak bi eskuetako behatzetan sartzen zirelarik. Bosmendietara iristear ginelarik beste pausa bat egin genuen. Pipasen azalpenekin lainopean zegoen paisaian, eta irria sortu zuen istorioa kontatu zuen. Errautxegorrixexe jainkoaren harria aipatu zuen, non azpimarratua izan zen xiberotar eta bizkaitarren arteko lotura hiztegian.

Lainoa zela eta bost mendieta kaskora igo gabe bazterreko bidea hartuz bide gurutze batera heldu ginen non antolatzaileen kamioia hor zen atzeko ateak irekita, kupel bat bistan. Ohartu nintzen denek zutela godalet bat zakuan zintzilik, eta hor zergatia ulertu nuen txotx oihua entzun eta denak sagardoarekin freskatzera joan zirenean.

 

 

Ongi ulertu badut Mendi Martxa batean 450 litro sagardo joan ohi dira. Hamaiketakoaren ordua zen, ni eguerditan bazkaltzeko ohiturarekin erran zidatenean 14.00etan bazkalduko genuela 11.00etako ederra egin nuen. Aukera baliatu nuen ere Txuma Iturria Mendi Martxako koordinatzailearekin hitz egiteko.

Zer da mendi Martxa?

T. I. Mendi Martxa martxa bat baino gehiago da, hau behintzat: euskal selekzioaren aldeko mendi martxa. Mendian egiten diren etapak dira herrietan amaitzen direnak herritarrekin harremanetan sartuz. Euskal selekzioaren gaia ukitzeaz aparte lekuan lekuko berezitasunak lantzen saiatzen gara.

Esait desagertu geroztik sentitzen da selekzio nahikunde hori?

T.I. Tamalez Esaiten desagertzearekin herri dinamika ere zertxo bat ahuldu da. Guk Esait desagertu zenean erabaki genuen ekimen honekin jarraitzea, lehen Esaiten baitan antolatzen genuena. Kontziente gara eta behin eta berriro esaten dugu, herri dinamika sendo bat behar dugula selekzioaren aldekoa. Badaude aukerak, eta pentsatzen dugu udazken honetan zerbait agertuko dela, eta nola ez gu horretan txertatuko garela. Bestalde 17 urte hauetan ohartu gara gizarteak interesa daukala, kirolarietan ere, orain instituzioei da ere urratsen ematea.

Mendi Martxa bai, baina giro alageratxuan sagardo eta guzti?

T.I. Bai, gure helburuetako bat jendea gustura mantentzea da. Horretarako saiatzen gara erraztasunak ematea. Hemen badugu sagardoaren furgoneta, pasatzen garen lepoetara hurbiltzen da eta zintzurra bustitzeko aukera ematen digu.

Zelako harrera jasotzen duzue herrietan?

T.I. Ongi etorriak izaten ditugu iristean herrietan, eta gu saiatzen gara bertakoekin nahasten eta elkar trukatzen. Garbi daukagu eta hasiera batean esan genuen, ez gatozela inolako leziorik ematera inori, gatozela ikastera. Euskal Herriko parajeak  bai baina bertako problematikak ere bai. Garbi daukagu euskaraz sentitzeko era asko daudela eta guk ere hemengoak ezagutu nahi ditugu. Pentsatzen dugulako ezagutzeak Euskal Herri gehiagoren egitea ekartzen duela.

 

 

 

Berriro Martxa Larraineruntz, non zalantzak agertu ziren bazkaltzeko lekuan kamioia hurbiltzen ahalko zen, ulertu duzuen bezala sagardoaren erritualarentzat. Azkenean, sagardoari lehentasuna emanez bazkal ordua 12.30tara aurreratu zen, erran behar dizuedana ez naukala beste munduko goserik 11.00etan tripakada egin ostean.

GR10aren bidean ginen eta hor agertu zen bat batean ibiltari bat, euskalduna hala agurtu zigun eta, kamioi inguruko txorizaleen artetik pasa eta baten trago eskaintza onartu eta aurrera joan zen.

Antolatzaileek arratsaldeko egitaraua aurkeztu eta dutxen arazoa aipatzean hiru zeudela bakarrik eta lasai hartzeko esatean, batzuen erantzuna: "Lasai gaude bezperan bizitakorekin ez gara kexatzekoak gaur".

Erran behar da Lexantzun ez dutenez kiroldegirik edo honenbeste jenderen biltzeko gunerik arditegietatik kanpo, erabaki zutela herritarren etxeetan lo egitea, lehen aldia zen holakoa Mendi Martxakoentzat. Esperientzia oso polita izan zela aitortu zidaten.

Horrez gain, jadanik berria hasi zen zabaltzen eta Kepa del Hoyoren heriotzaren berri eman ziguten. Bazkal orduan batzuk bertako pagondoetan pasatuz onddoekin itzuli ziren. Hortik aitzina oihan tarteko ibilbide osoan onddoka aritu ziren batzuk, gaueko afaria aberastu nahian.

Lainoa doi-doia altxatu zen gure ezkerraldean bostmendietako bost kaskoen ikusteko gisan. Eskuin aldean Larraine ikusi genuen. Hor ere Pipasen esplikazio batzuk jaso genituen. Bere sorterrian izanik, pertsona aproposa zen eta aldi honetan ere kantu batekin bukatu ziren azalpenak.

 

Aldapan behera Larrainerat buruz, hor agorrilaren 5erako antolatu duten Xiberoko traileko ibilbidea zeharkatu genuen bandera urdinez markatua eta bazterretako belarra moztua. Hor berriz erre  agertu zitzaigun bazkal denboran gurutzatutako euskalduna, galdu egin zela eta berriz bide onean zegoela, bizkaitarra genuen. Joan den asteaz geroztik, Xiberoan zegoen Mendikotan AEKk antolatzen zuen ikastaldian, eta aste honetan mendiaz gozatzeko asmoa zeukala aurrera joan zitzaigun.

17.00ak aldera iritsi ginen Larrainera. Herri sarreran mendizale guziak itxoin ziren, banderola aurrean ezarri eta txistu eta atabalaren laguntzarekin herria zeharkatu genuen euskal selekzioaren aldeko leloak oihukatuz eta kantatuz, trinketera heldu arte.

 

Han zeuden herritarrak lanean asteburuko, Xiberoko trailen mendi lasterraldirako prestaketetan, alkateak lanak utzi, mendizaleak agurtu eta 08.00etan berriz ikusiko zirela erranez joan zen. Trinketean instalatu ziren Mendi Martxakoak, eta nik hor utzi nituen, atsedenaldian bestarako indarrak hartzen eta biharamunean Xiberoko azken etaparentzat prestatzeko.

Nahiz eta aipatu dudan, antolatzaile eta ibiltariek Urdiñarbe, Lexantzu eta Larraineko herritarrak eskainitako batzarriaz eskertu dituzte. Batez ere, Allande Socarrots eta Pipas aitzin lana egiteagatik eta dena hain ondo joanarazteagatik Xiberoko etapa hauetan.

Hau zen egun batean bizitako apurra, urteroko hitzordua hor duzue zuen zain. Ausartu eta gozatu.
Herri bat, Selekzio bat!