Xan Idiart

Manu Chaori Bakearen Artisauak gustatzen zaizkio

Uztailaren 25ean Arcachonen, Manu Chaoren kontzertu batean izan ziren Bakearen Artisauak. Kontzertuaren erdian, bakearen aldeko banderola batekin eszena gainera igo, eta abenduaren 9ko Pariseko manifara joateko deia luzatu zioten publikoari.

Manu Chao 2009an, EHZn. © Nicolas Mollo
Manu Chao 2009an, EHZn. © Nicolas Mollo

Klandestinoki ez dira joan. Astearte arratsean, Manu Chaoren Arcachoneko beldodromeko kontzertuan izan ziren Euskal Herriko Bakearen Artisauak. Jean-Noël Etcheverry "Txetx" horien artean zegoen, eta azaldu duenez Manu Chaok berak proposatu zien zerbait egitea. "Apirilaren 8ko egunaz mintzatu ginen jadanik, eta Euskal Herriko bake prozesuaz biziki interesatua zen".

Kontzertuaren erdian, taula gainera igo ziren beraz bakearen artisauak. 10.000 pertsonaren aurrean, aitzinetik prestaturiko diskurtsoa irakurri zuen Txetxek. "Egia erran, ez genekien batere zer jarrera hartuko zuen entzulegoak gu mintzatzean. Hala ere, sorpresa ona izan zen, zeren eta txalo beroak jaso baititugu hitz egin ahala".

Diskurtsoan, azken laurogei urteetan Euskal Herriak amaigabeko indarkeria bat bizi izan zuela  azaldu zuen Txetxek. ETAren desarmatzea ez zela konfliktuaren bukaera oroitarazi zuen batez ere. Presoen gaia izpidera ekarriz, Euskal Herri eta Estatu frantsesetik milaka pertsona Parisera joanen zirela abenduaren 9an gehitu zuen, hori gonbidapen gisa kontsideratu behar zen.

Mugimendu zabalago bat

Arcachonen egindakoa, mugimendu zabalago batean kokatzen dela jakinarazi du Txetxek. "Izan ere, uda osoan zehar, beste ekitaldi batzuetan parte hartzen ari gara jadanik": udako unibertsitateak, edo festibal batzuk besteak beste. Helburua da, ahalik eta sustengu gehien ukaitea Parisera joan baino lehen.

Horrez gain, Baionako bestetan ekintza bat antolatuko dela gehitu du. Uztailaren 30ean, igandearekin, bakearen aldeko argazki erraldoi bat hartu nahi dute Bakearen Artisauek. Hori, San Andres plazan iraganen da, 12:30ean.