Kazeta

Talde feministak Baionako bestentzat prest

Baionako bestak uztailaren 26an hasiko dira. Bertan gertatu ohi diren eraso sexisten kontra joateko, elkarlana ezinbestekoa dela diote talde feministek. Eraso bat gertatuz gero, protokolo bat plantan jarri dute.

Baionako talde feministek protokolo bat plantan jarri dute eraso sexista bat gertatuz gero.
Baionako talde feministek protokolo bat plantan jarri dute eraso sexista bat gertatuz gero.

Uztailaren 26an hasiko diren Baionako besten karietara, beren ahotsa entzunarazi dute hiriko talde feministek, Paf!, Zutik, Les Bascos, Zizpa Gaztetxea, Aitzina, Le planning familial. Hain zuzen ere, besta horiek eraso homofobo eta sexisten gertaleku izan ohi direla salatu dute. "Horrelako portaera gaitzesgarriak, gizarte matxista eta heteropatriarkal batetik heldu dira" diote feministek.

Gaur egun, gai horren inguruan Baionako Herriko Etxea prebentzioa egiten hasi da. Afitxak edo kolakiak egiten ditu, informaziorako permanentziak, edota kereila eta erasoen berri ematen du besten bukaerako prentsaurrekoan. Hala ere, urte luzeetan zehar, baztertuak izan direla salatu dute talde feministek, laguntza politikorik gabe Baionan.

Dena den, hori guzia beharrezkoa baldin bada ere, "ez dela aski" erraten dute feministek. Haien ustez, ez da besten bukaeraren beha egon behar eraso bati gaitzespen erantzun bat emateko. Oroitarazi dute 2016ko Iruñeko bestetan, Nafarroako hiriburuko Herriko Etxeak, eraso bat gertatu ondoren elkarretaratze bat antolatu zuela San Ferminen erdian, jendarteak horrelakorik ez zuela nahi adierazteko.

Bestalde, lehen aldikotz Baionako besten historian, eraso sexista bat agituz gero, parte zibil gisa plantatu dela jakinarazi du Herriko Etxeak. Hala eta guziz ere, elkarlana ezinbestekoa dela adierazi dute taldeek. "Jende guzia gai horretaz jabetu behar da, erasoak saihesteko".


Protokolo bat

Aurten ere, eraso bat baldin bada, honako protokoloa plantan jarri dute feministek:

- Feministen koordinazioak zenbaki bat ematen die prentsa eta Herriko Etxeari jakinaren gainean izateko.
-Kereila bat jarriz gero, prentsagiri bat igorria izanen zaie hedabideei, eta berria sare sozialen bidez zabalduko da, jendea elkarretaratze batera joateko deia luzatuz.
-Elkarretaratzea egunean bertan edo biharamunean izanen da, arratsaldeko 6etan Roland Barthes zelaigunean, laborarien xokoaren aitzinean.