KAZETA

Baionako festak : elkarteak eraso sexisten kontra lanean

Uztailaren 27tik 31ra, Baionan bortizkeria sexistarik ez gertatzeko sentsibilizazio kanpaina bat eginen dute mugimendu feministek eta elkarteek.

Baionako elkarte feministek ekimen bateratuak iragarri dituzte Baionako festentzat. © Bob EDME
Baionako elkarte feministek ekimen bateratuak iragarri dituzte Baionako festentzat. © Bob EDME

Festetan bortizkeria sexista baztertzeko kanpaina prestatu dute mugimendu feministek eta Baionako elkarteek. Astelehenean, uztailaren 25ean, iragarri dutenez, protokolo bat adostu dute denen artean.

Bortizkeria Sexistaren Kontrako Kolektiboak PAF-ek, Planning Familial elkarteak, Baionako Gaztetxeak eta Les Bascosek antolatutako lehen ekimena ikusgarria izanen da. Afixak, pegatinak eta lepokoak festa erdian zabalduko dituzte. Sentsibilizazio kanpaina horren lehen hitzordua, asteazkenean izanen da, 18.00etan. Kola eta brotxa eskuan, bortizkeria sexistaren kontrako afixak paretetan ezarriko dituzte.

Biharamunean, PAF mugimendu feministak poteo bat antolatu du, laborarien xokotik, Roland Barthes zelaigunetik, abitu eta Patxokin bururatuko dena. Hor, zutik pisa egiteko neskentzako gailuak banatuko dituzte, ez dezaten festa gunetik baztertuak diren tokietan arriskurik hartu.

Uztailaren 27tik 31ra eraso bat balitz, erantzun komun bat definitu dute militanteek. Gertatu bezain fite, elgarretaratze bat antolatuko lukete, deialdia sare sozialetan hedatuz. Baina, eraso bat salatzeko, lehenago, gisa horretan sailkatua izan behar da. Herriko Etxeak gai horri buruzko sentsibilizazio kanpainak egin ditu azken urteetan, haatik, aurten lehen aldiz, eraso mota oro kontutan hartzen dituela nabarmendu dute elkarteetako kideek.

Emakumeen bortxaketaz gain, mota guzietako erasoak salatzeko lan egiten dute. Gizartearen arazo gisa ikusten dute eta jendearen jarrera aldatu behar dela pentsatzen dute. Les Bascos elkarteko Christian Lacostek diskriminazioarena eguneroko borroka dela nabarmendu du eta "denen afera" dela gehitu du PAF-eko Stéphanie Carrék.

Baina oraindik bidea luzea dela ohartarazi dute feministek, Baionan ez baita salaketa telefonorik, ezta biktimen harrera gunerik ere. Haien ustez, ezberdintasun handia dago parekatua den Iruñeako ereduarekin.