Kazeta

Peyuco Duhart ez da Senatuko hauteskundeetara aurkeztuko

Errepublikanoak alderdia utzi ondoren, Donibane Lohizuneko auzapeza den Peyuco Duhartek Senatuko hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du.

Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapeza. (Sylvain SENCRISTO)
Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapeza. (Sylvain SENCRISTO)

Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak ez du zerrendarik aurkeztuko Senatuko hauteskundeentzat, France Bleu irratian azaldu duenez.

Badira egun batzuk Errepublikanoak alderdia uzten zuela iragarri zuela. Hain zuzen, bere erabakiaren berri eman zion Nicolas Patriarche departamenduko Errepublikanoak alderdiko idazkariari. Horrek pentsarazi zuen hautetsiak Senatuan jarleku bat lortu nahi zuela, baina azkenean ez da horrela izan.

Irratian azaldu duenez, gaur egun bere xedea tokiko karguei lehentasuna ematea da. Oroitarazi behar da Lapurdiko hiriko auzapeza izateaz gain, Euskal Elkargoko lehendakariorde izendatu zuela Jean-René Etchegaray presidenteak. Haatik, senataria jarlekua lortu izan balu, karguen metaketaren kontrako araudiak eragingo ziokeen.

Iduri du Erreplikanoen (LR) kide ohia ez dela La République En marchen hautagaia izanen, bera ez behintzat. Analistek diote Emmanuel Macronen alderdia LR-eko kideak bereganatzen saiatzen ari dela, aldi berean, Senatuko gehiengoa ere bere egiteko.

Gaur egun, 30 senatari dira lehendakari frantsesaren taldean (20 hauteskunde hauetan berritzekoak), gehienak sozialista ohiak. Hemendik irailaren 8ra izango eskuineko hautagaiak ere bilatzeko parada. Orotara, Senatuko 348 jarlekuen gain, 170 ordezkatzekoak dira.