Xan Idiart

Baraualdia amaiturik, gazteak badatoz adierazpen bat izenpeturik

Uztailaren 22an, duela bi aste presoen alde hasi zuten baraualdia bukatutzat eman dute lau gazteek Hiriburun. Gazte sare zabalago bat lortzeko asmoz, adierazpen bat izenpetu dezake edozein gaztek.

Gazte adierazpen bat argitara eman dute baraualdian ziren lau gazteek. © Isabelle MIQUELESTORENA
Gazte adierazpen bat argitara eman dute baraualdian ziren lau gazteek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Euskal Herriaren historian zizelkaturik egonen da zalantzarik gabe. Hamabost egun jan gabe, bakoitzak bederatzi eta hamar kilo artean galdu dituelarik. Eta hori euskal preso politikoen sustenguz, bakea jomugan. Leher eginda daude lau gazteak, baina irentsi nahiko luketeen lehen gauza ez da xingar xerra edo bixkotx krematsu bat, baizik eta askatasuna.

Presoen askatasuna hain zuzen ere. Hori da behintzat uztailaren 22an argitara eman duten gazte adierazpenean irakurri daitekeena. Bere aniztasunean, Euskal Herriko gazte guziei zuzendua zaie adierazpena. Jadanik, hainbat mugimenduko gazteek sinatu dute testua: Baigorriko besta komitea, Les Jeunes En Marche, edota Zezenaren Taldea, horiek bakarrik aipatzeko.

Sinatzen dutenek helburu argi batekin uzten dute beren izena paperaren gainean: sakabanaketa politikoa etetea, larriki eri diren presoen askatzea, eta baldintzapeko askatasunen aplikatzea. Gizarte zibileko gazte gisa aurkezten baitute haien burua, bakearen artisauek ireki duten bidea segituz. Gazte horiek, beren ekarpen "xumea" egin nahi diote bake prozesuari, adierazpen horrekin, mugimendu zabalago bat sortu nahirik.

Pariseko manifa

"Horretarako, abenduaren 9ko Pariseko manifara joateko deia luzatzen diegu gazteei", erran dute baraualdian ziren kolektibokoek, "bide luze baten hastapenean baizik ez gara oraindik". Esku zartek errezibitu dituzte hitz horiek, jakin behar baita gazte andana bat hurbildu zela Hiriburura baraualdiari bukaera emateko.

Boteila bana eskutan, Estatu frantses zein espainiarreko zeldetan diren euskal preso politikoak errepresentatzen zituzten horiek. "Azken presoa askatu arteko ikurra izan dadila" aldarrikatu dute lauek. Aurpegiak zurbil, akidura kenezin, irribarreak marrazten zitzaizkien hala ere lauen bisaietan. Haien atzean, kaderak ez ziren hutsak. Bai, abenduaren 9an Parisen izanen dira.