Kazeta

Normaltasunera itzultzeak ez du besten aurrekontua apaldu

Baionako Herriko Etxeak eta suprefeturak Baionako bestetan normaltasunera itzultzeko parioa egin dute. Erabaki horrek ez du ospakizunen aurrekontua apaldu. Iazko ediziotik mantendu diren segurtasun neurrien eraginez, 300.000 euroz emendatuko da aurtengo besten buxeta.

Aurtengo besten aurrekontua 2,4 milioi eurokoa da. ©Bob EDME
Aurtengo besten aurrekontua 2,4 milioi eurokoa da. ©Bob EDME

Pirinio Atlantikoetako suprefeta den Catherine Séguin, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorea eta Jean-René Etchegaray hiriko auzapezak bestentzat plantan ezarritako segurtasun neurriak azaldu zituzten uztailaren 20ean.

Iragan astean, Etchegaray berak ospakizunen egitaraua aurkeztu zion prentsari. Nabarmendu zuen bezala, aurtengo xedea ospakizuna "normaltasun" batera itzultzea da. Oroitarazi behar da iazkoa Nizako atentatua eta aste bat beranduago iragan zela. Hori dela eta, bestak kolokan ezarri ondoren, segurtasun dispositiboa indartzea erabaki zuten agintariek. 

Baionako bestak "ohiz kanpokoak" direla azpimarratu zuen agerraldian. Hau da, kokapen geografikoa, hiriaren egitura, besten iraupena eta hurbiltzen diren festazaleen kopurua kontutan harturik, hiriaren berezitasuna agerian utzi zuen.

Iazko gertakizunak direla eta, egitaraua murriztu eta segurtasun neurriak garatzea erabaki zuen Herriko Etxeak. Elkarretaratze masiboak saihestu eta haurrei zuzenduriko eguna bertan behera utzi zuen.

Normaltasuna helburu

Aurten, ildo bera segitu eta iazko neurriak mantentzea erabaki du. Ehun bat poliziakide pribatu gehiago besten gune garrantzitsuenetan ibiliko dira. Horrek, besteak beste, baionarrei bestak garestiago izatea eragingo die. Hain zuzen, 2016ko aurrekontua 2,1 milioi eurokoa baldin bazen, aurtengoa 2,4koa da.

250 agente pribatu izan ordez, aurten 350 izanen dira. Auzapezaren erranetan, "arriskuak saihestu nahi ditugu eta bestak normaltasun osoz iragan daitezela nahi dugu, batez ere haurrei zuzenduriko egunean, jakinik 6.000-7.000 gazte inguru elkartzen direla".

Zentroko guneak zaintzapean izateaz gain, segurtasun neurriak haratago joanen dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, hirian sartzeko sei gune izanen dira. Hirian gaindi, 1.200 agentek uniformez beztiturik lan eginen dute, horietariko 650 agente publikoak dira (polizia, jendarme eta 61 militar). Horrez gain, babes zibileko 300 kide eta 350 zaintzari pribatuk segurtasuna bermatuko dute.