Kazeta

Senatuko hauteskundeetako hautagaiak argitaratzen doaz

Senatuko hauteskundeetako hautagaien izenak pixkanaka-pixkanaka plazaratzen ari diraA Ipar Euskal Herrian. Alderdi batzuk ofizialki izenak azaldu dituzten bitartean, beste batzuk zalantzak gidatuta, edo beste, misterioaren alde dira.

Senatuko hauteskundeak iraialaren 24ean iraganen dira.
Senatuko hauteskundeak iraialaren 24ean iraganen dira.

Estatu frantseseko senatuko hauteskundeak irailaren 24ean iraganen dira. Pirinio Atlantikoetako departamenduan hiru hautagai izendatu beharko dituzte herritarrek. Gaur egun, eserlekua okupatzen duten Frédérique Espagnac, Georges Labazée eta Jean-Jacques Lasserrek beren kargua beste hautagai baten esku utzi beharko dute. Edo ez. Hain zuzen, Espagnac eta Labazéek beren burua berriz aurkeztea erabaki dute. Lehia zuzenean izango dituzten hautagaien izenak, pittaka-pittaka, argitaratzen doaz.

Aliantza posibleak, etiketarik gabeko hautagaitzak, baita azken mementoko zalantzak ere. Denetarik dago senatuko hauteskundeetako menuan. Jean-Jacques Lasserre Departamenduko kontseiluaren eta Senatuaren artean, lehenengoaren alde jo du. Karguen metaketaren kontrako legeak erabaki bat hartzea eskatuko lioke bi funtzioetan mantendu balitz. Aitzinetik bere burua ez aurkeztea erabaki du. Ildo beretik, EH Bai mugimendu abertzaleak hautagairik ez presentatzea erabaki du.

Departamenduan bere hautagaitza ofiziala kaleratu zuen lehena Frédérique Espagnac senatari sozialista izan zen. 2016ko abenduan alderdiak bere hautagaitza sustengatu zuen. 



Orain arte Alderdi Sozialista horren barne zen Georges Labazéek mugimendutik urrundu eta etiketarik gabe aurkeztea erabaki du. Bere aburuz, Alderdi Sozialista duela 47 urtekoari alderatuz, "ez da gehiago bera". Inongo alderdiren menpe, baina lelo argi batekin hauteskundeetan parte hartuko du: "lurraldeekiko solidarioa den Ezkerra". Bere gogoa : beharretan diren lurraldeetan arreta jartzea.  


Errepublikanoak alderdiak Max Brisson hautatu du ordezkari gisa. Kanpaina "Lurraldeen indarra" lelopean burutuko du. Fabienne Costedoat-Diu departamenduko kontseilariak eta Didier Irigoin Behauzeko auzapeza bigarren eta hirugarren dira zerrendan, hurrenez hurren.

Zalantzak eta ustezko aliantzak

Peyuco Duhartek zalantzak dituela dirudi. 2011n Duhartek Bernard Dupond biarnesarekin batera zerrenda bat aurkeztu zuen Senatuko hauteskundeentzat. Azkenean, alderdiak Michel Hiriart Biriatuko auzapezaren alde bozkatu zuen.

Estatu mailako kargu bat izateko duen anbizioa ezaguna da, baina oraindik ez du bere nahia ofizialki plazaratu. Haatik, lehen urrats bat egin luke, alderdia uzten duela jakinarazteko Donibane Lohizuneko auzapezak Errepublikanoak alderdiari gutun bat bidali baitio. Alderdiak duen "gobernantza modua" kritikatu du bertan. Alderdia utzi eta bere kabuz aurkezteko bidea hasi ote du?

Modemari dagokionez, Lasserrek Denise Saint-Pé alderdiko hautagaia dela baieztatu du. Zentroko alderdia eztabaidetan murgildua dago. Itxura guzien arabera, En Marcheko hautagaiekin batera zerrenda bat osatzea aztertzen ari dira. Datozen asteetan segitu beharko den afera da.