Espekulazioaren kontra jo dute ELB eta Lurzaindiak

Franck Riboud Danone markaren lehendakariak erosi duen lursail batean izan den espekulazioa salatu dute ELB eta Lurzaindiak uztailaren 19an. Enpresariak Arrangoitzen duen etxe aitzinean bildu eta bide batez, hautetsien isiltasuna deitoratu zuten erakundeek.

Haritz LARRAÑAGA|2017/07/20 12:15|0 iruzkin
Guz_elb_danone_bobedme104
Lurrak erosiz, pixkanaka Lapurdiko kostalde osoa kolonizatzen ari direla nabarmendu zuten laborariek. ©Isabelle Miquelestorena

Ipar Euskal Herriko laborariak kexu dira, lurrei ezartzen zaizkien gehiegizko prezioak kanpotik datozen dirudunek bakarrik ordain ditzaketelako. Gazteek, aldiz, zailtasun handiak dituzte eremu txikienak ere erosteko, eta laborariek ere bai. "Laguntza behar dugunean, lurrak kendu eta zailtasunak ezartzen dizkigute", denuntziatu zuten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Arrangoitzen bildu zirenek garbi hitz egin zuten: "Riboud jaunari esaten diogu Euskal Herrian ez dugula bere presentzia batere ontsa ikusten". Ekimen honekin, gainera, salmenta espekulatibo berri bat salatu zuten; izan ere, Danone enpresako lehendakariak, jada sei hektareako txaleta bazuen, orain 5'7 hektareako beste lursail bat erosi dio Alain Prost ezagunari, 3'85 milioi euroko prezioan.

Paradoxikoki, esnekiei esker diru kopuru handiak irabazten dituen Danoneko zuzendariak esne ekoizleen kontra egiten du, laborarien iritziz, "behiak pentzean egoteko lurrak direlako". Horregatik, haien eskakizun nagusia zera da, "udaletxeek lurrak legez babestu eta laborantzarako bakarrik tasatzea, bestela espekulaziorako erabiltzen baitira".

Hautetsiak isilik

Dominique Amestoy Lurzaindiko kideak hautetsien isiltasuna gaitzetsi zuen, zeren "hauteskundeetan denek diote laborantzarako lurrak defendatu eta bertako gazteek etxebizitza duin bat eskuratzeko bitartekoak ezarri behar direla, baina gero halako gauzak gertatzen direnean ez dute ezer esaten". Amestoyk, gainera, "Euskal Herriko lurrarentzat momentu grabea" dela azpimarratu zuen.

Ekintzaren zergatia justifikatu zuen Amestoyk. 2013an elkartea sortu zutenean ezarri zuten helburuetako bat "Ipar Euskal Herriko lur antolaketan Lurzaindia indar bilakatzea" zela azaldu zuen, eta horregatik, "lurra gaizki erabilia den aldi oroz interbentzioak" egiten dituztela.

Lurzaindiko bozeramailearen irudiz, "kasu honetan lurra gaizki erabili da, dirudun batek lurra erosten du, laborariei lurrak kentzen dizkie, eta baita gazteei ere. Hemen baditugu hiru etxe 11 hektareatan, eta gazteek mila metro karratu erosteko jada zailtasun handiak dituzte".

"Hau bortizkeria da", gaineratu zuen Amestoyk, eta honako gogoeta egin zuen, "Euskal Herrian armak alde batera utzi eta bake prozesu batean bete-betean sartuak garen honetan, multinazionalak armatuak datoz, euroekin edo dolarrekin, baina hori ere indarkeria da, zeren ez dute hiltzen, baina bizi ezina sortzen dute".

 

Esne ekoizleak desagertzear

Esnekiekin lan egiten dutenen egoera azaldu zuen Andde Duboisek. Mutur batean esne ekoizleen errealitate gordina dagoela eta bestean esne ekoizleen kontura bizi diren enpresariena dagoela nabarmendu zuen. "Danonek inoiz izan dituen irabazi handienak izan zituen iaz; aldiz, esne sektorean krisi larrian gara", jakinarazi zuen Lekorneko esne ekoizleak.

Mila pinta esne (pinta=473 ml) ekoizteko laborari batek 400 euro gastatzen ditu tresneria, gasolina, eta antzeko gauzekin. Esne kantitate horregatik, ordea, 320 euro jasotzen ditu baserritarrak; beraz "ekoizleek sosak galtzen dituzte, eta ondorioz, ekoizle kopurua beherantz doa", iragarri zuen Duboisek.

Gaur egun 300 esne ekoizle inguru dira Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan. "Kopuru hori jaisten doa. 2016an, esne ekoizleen erdiak hilean 350 euro baino ez zituen irabazten. Laster ez da posible izango esnea hemen egitea, eta orduan kanpotik ekarri beharko da", ohartarazi zuen Duboisek.

Atzo, "gure irabaziak eta gure lurrak kentzen dizkigute" zioen pankarta batekin bildu ziren. Aurrera begira, ordea, afera honetan inplikatuak diren eragile guztiekin bildu eta hitz egiteko mahai bat osatu nahian dabiltza. Jada zenbait ordezkarirekin kontaktuan jarri dira, baina orain artean ez dute haiengandik inongo erantzunik jaso.