Presoen aldeko desmartxa bukatu du Paxkal Elgartek Baionan

IRUDITAN- Uztailaren 8an Getxotik abiatu zenez geroztik, 180 kilometro zeharkatu ditu Paxkal Elgartek, igerika. Euskal presoen aldeko desmartxa bukatu du Baionan uztailaren 14ean. Bertan ongietorri beroa egin diote, Zizpa Gaztetxean bere lekukotasuna eskaini baino lehen.

Kazeta|2017/07/17 12:10|0 iruzkin
Elgart
Paxkal Elgart, uretatik ateratzen Baionan. (Bob EDME)

Getxotik abiatu zen igerian Paxkal Elgart amikuztarra, eta ordutik geldialdiak egin izan ditu hainbat portutan. Geraleku guztietan harrera beroa egin diotela azaldu du gure protagonistak: abentura hasi zuenetik Bakio, Lekeitio, Zumaia, Donostia, Hondarribi, Biarritz eta Angelutik pasatu da. Itsasoan igerian arrainen gisara egindako txangoa uztailaren 14ean bukatu zuen Baionan eta, beste behin ere, txaloka jaso zuten hiriko Zubi Gorrian, Naiz atariak azaldu duenez.



Bere helburua euskal presoei elkartasuna adieraztea zen, eta "euskal presoak Euskal Herrira" zioten oihuekin eman zioten ongietorria ibai bazterrean zeuden ikusleek. Lurra zapaldu bezain laster ikurrina eta presoen aldeko bandera astindu zituen. Astebeteko ibilbidean euskal kostalde osoa alderik alde egin du, egunero 25 kilometro osatuz, 12 orduz igeri eginez.

Bidean xelebrekeriaren bat edo beste gertatu zaio. Adibidez, Zumaiara iritsi behar zen egunean Getariaraino jarraitu zuen, eta gero bere helmugara itzuli behar izan zuen autoz, hurrengo egunean, aurreikusita zuen bezala, handik ateratzeko. Bere bizipenak ezagutzeko parada izan zuten ongietorria ondoren Zizpa Gaztetxera hurbildu zirenek.