Etorkizunari eta herriari so jarri da EPPK

Azken hilabeteetan burutu duen eztabaidaren ondorioen berri eman du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Indibidualki baita kolektiboki ere hainbat berritasun plazaratu ditu argitaratutako txostenak.


Kazeta|2017/07/17 14:35|0 iruzkin
P002_f02_56777
Zuzendaritza berria bozkatzeko, datorren urriaren amaiera arteko epea izanen dute kideek.

Barne eztabaida argitaratu eta aste batzuk beranduago horren ondorioak plazaratu ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK). Oroitarazi behar da barne eztabaidarako parte hartzea %87,2koa izan zela eta horietariko %73,4a zuzendaritzak proposatu zuen oinarrizko txostenaren alde agertu zela. Horiek horrela, preso bakoitza eta kolektiboari, osotasunean, dagokien berritasunak azaldu ditu kolektiboak.

Preso bakoitzak erabakiko ditu arlo juridikoan eman beharreko pausuak. Kolektiboa "herria eta prozesu independentistaren garapenaren esku" ezarri da. Bi horiek ondorioen txostenak jakinarazi dituen berritasun nabarmenenak dira. Horren bitartez, herriari eta etorkizunari so jarri da taldea. Ildoak "askatasuna eskuratzeko" saio berri bat irudikatzen du.

Preso bakoitzak bere txosten juridikoa izango du eta legelarien laguntzarekin egin beharreko eskaerak eta dituen aukerak aztertu ahalko ditu. Hala nola, graduen aldaketa, baldintzapeko askatasuna eta baimenak. Ikertutako urratsak kolektiboaren zuzendaritzari baita herritarrei ere jakinaraziko dizkiete "herrietan jakin dezaten zein den gure egoera eta zeri egin behar diogun aurre denon artean".

Ildo berriko hiru ardatzak ondorengoak izanen lirateke: "sakabanaketa bukatzea, kolektiboa batuz, deserriratzea amaitzea kolektiboa Euskal Herriratuz eta espetxeak hustea, kideak kaleratuz". Preso guztien kaleratzearen xedearen ildotik, "Estatu espainiarrari begira Zaballako kartzelan eta Estatu frantsesari begira Mont de Marsanekoan bermatzea aldarrikatuko" du.

"Kanpora begirako lotura"

Agirian zabaldu duenez, barne-egituraketa eta kanpora begirako lotura aldatu eta berritzeko prozesua abian jarri du EPPKk. "EPPKen binkulazio politiko zuzena Ezker abertzalearekin izango" duela dio. Halaber, "prozesu independentistarekin eta gatazka gainditzeari begira lanean ari diren eragileekin lotura zuzena" izango duela azpimarratu du.

Prozesua burutu ahal izateko zuzendaritza berri bat hautatuko dute kideek. Heldu den urriaren bukaera arteko epea izanen dute, hain zuzen. Ondotik argitara emanen dituzte EPPKren zuzendaritzaren ardura hartuko dutenen izenak.

Azken hitz gisa, ondokoa dio kolektiboak: "Aieteko Adierazpenean presoen gaia ETAk bere gain hartu bazuen, gaur egun, halako aldebiko negoziaketaren zantzurik ez dagoenean, EPPKk bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan, herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe jartzen du, preso guztion askatasuna Euskal Herriaren askatasunarekin lotuz".