Erreportajea
 
Laborantza eta turismoa batzen dituzten harrera etxaldeak

Turismo eta laborantza garatzeko eredu jasangarria plantan eman dute etxalde batzuetan.  Suhuskuneko Etchemendigaraya etxaldean bisitariei harrera egiten diete. Bisitariek laborantza mundua hurbiletik ezagutzeko parada duten bitartean, laborariek beren elikagaiak saltzeko aukera ere badute.

Haritz LARRAÑAGA|2017/07/13 15:42|0 iruzkin
0709_eko_suhuskune2
Baserriko lanak eta turismoa uztartzeko formula garatu dute Etchemendigaraya etxaldean. © Isabelle MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herriko laborariek laborantzan eta abeltzaintzan aplikatzen duten eredu bera erabiltzen dute mundu osotik etorritako turistak beren etxaldeetan hartzeko. Suhuskuneko Etchemendigaray etxaldean duela berrogei urte hasi ziren laborantza eta turismoa uztartzen. Estatu frantsesean lehenetarikoak izan ziren, Garako artikuluak azaldu duenez.

Harrera etxaldeak, nekazaritza edo abeltzaintza lanak egitearekin batera, turistak hartzeko egokitu diren etxaldeak dira. Pirinio Atlantikoetako hamabi harrera etxaldek osatzen dute Accueil Paysan elkartea. Horietatik 3 Biarnoko mugan daude eta gainontzeko guztiak, Etchemendigaray kasu, Lapurdi eta Baxe Nafarroako lurretan.

Elkarte gisa antolatzearen helburua norberaren produktuak zein besteenak ezagutaraztea da, eta horretarako bitartekoa, turistei ostatu emango dien sare bat osatzea da. Modu honetan, ekonomia zirkular bat garatzen da, bisitariei etxean bertan eginiko mozkinak eskaintzen baitzaizkie.

"Ateak irekitzea aukera on bat da egiten ditugun produktuak ezagutzera emateko", kontatu du Bruno Bachocek. Hiru belaunaldi bizi dira Etchemendigarayn; Bruno jarduera turistikoaz arduratzen da, bere anaia, "abeltzain eta gasna egile lanetan aritzen da, amak, logelak eta askariak prestatzen ditu, eta aitak, denetik pixka bat egiten du, baratzean, zerriekin, behiekin, eta abarrekin".

Uda sasoian, 100 pertsona izan daitezke etxaldean. Guztiak aterpetzeko, 20 plazako kanpina, 3 bungalow eta etxean bertan dauden beste 3 logela dituzte. Eskariak gora egin du azken urteetan, baina turismo mota eta bisitarien profila erabat aldatu da.

Turismo eredu jasangarria

Etxaldeetako arduradunen ustez, garrantzitsua da turismo eredua jasangarria izatea. "Bada elkartasun bat etxalde txikien artean, ingurugiroarekiko errespetua, turismo eredu iraunkor bat sustatzeko kontzientzia bat", zehaztu du Bachocek. Eskaera handituz doan neurrian, gero eta etxalde gehiago dira turistak jasotzeko prestatzen direnak, baina Bachocen iritziz, "hori ona da, baina ongi egiten bada; hau da, ingurumena kontuan hartu behar da, geroari begira zerbait jasangarria izan dadin. Hobe da etxalde txiki aunitz izatea, multinazional sareek eraikitako ostatu handi gutxi batzuk baino".

Aitzitik, turismoa egiteko moduak bilakaera bat izan du, eta ondorioz, harremanetan sakontzea zailago bilakatu da. Bachocek kontatzen duenez, "gero eta jende gehiago mugitzen da, gero eta urrunagotik etortzen dira, baina gero eta denbora gutxiagorako hartzen dute ostatua. Lehen, uztailean eta agorrilean etortzen ziren hilabete osorako, eta horren ostean sasoia amaitzen zen. Orain AEBetatik, Japoniatik edo Israeldik etortzen dira, baina gau bakar bat edo bi gau egin ditzakete. Bestetik, orain urte osoan zehar etortzen dira".

Turistak arrautzak biltzen

Bisitari gehienek etxaldean nola lan egiten den ikusi nahi dute eta hori beren mozkinak saltzeko baliatzen dute baserritarrek. Honela azaldu du etxaldeko anfitrioiak: "Beren haurrei irakatsi nahi diete, zeren gehienak hirietatik datoz eta aski arrotza zaie hemengo bizitzeko manera. Guk lanean jarraitzen dugu, baina badira atseden momentuak ere, eta egiten duguna saltzeko denbora hartu behar da. Egin, erakutsi eta saldu".

Baserri giroak alde deserosoa ere baduela aitortu du Bachocek, baina bere aburuz, abantailak gehiago dira: "Badira euliak eta usaina, baina lekua zoragarria da, Baigura, Irati, Bordaintzine... Horri esker kultura desberdin anitz biltzen da hemen eta hori aberasgarria da. Donostia eta Bilbo aldetik ere etortzen dira mendian ibili edo lasai egon nahi dutenak, eta hori ere ona da, zeren ez dira sasoi betean etortzen, neguan baizik".

Etxaldeetara gerturatzen den turisten ohiko profila hirietako jendearena izaki, Bachocek bisitarien parte hartzea nabarmentzen du: "Bitxia izaten da ikustea, aitatxi, atzetik haur ilara bat duela, arrautzak biltzera, behiak bazkatzera edo ardiak biltzera joaten. Zerriei ere hondarrak zuzenean beraiek ematen dizkiete. Anitz denbora egiten dute, haur zein heldu, animaliei begira, edo kabalak gertutik ikusten, ez baitute ohiturarik. Hirian bizi dira eta agian ez dute inoiz ez oilorik, ez zerririk ikusi".