Iratzar fundazioarekin elkarlanean "Frantses iraultza garaiko hizkuntza politikaren ondorioak Ipar Euskal Herrian" izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Baionan 45. Udako Ikastaroen barruan. Egoitz Urrutikoetxea Laskibar ikastaroaren arduradunak frantses iraultzaren hizkuntza politika eta euskara aztertu ditu master amaierako lanean.

"Bizi dugun hizkuntza egoera ez da istripu baten emaitza, baizik eta planifikatua izan den zerbaitena"
UEU|Baiona|2017/07/13 12:47|0 iruzkin
Egoitzurrutikoetxeatxikia
Iraultza frantsesaren hizkuntza politikaren gaia jorratu du Urrutikoetxeak UEUren ikastaroan. ©UEU

"Periferiako iraultzaileentzat iraultzaren baloreak eta lekuko hizkuntzen, nortasunaren eta instituzioen defentsa bateragarriak ziren"

Frantses iraultza garaiko hizkuntza politikaren ondorioak Ipar Euskal Herrian. Horixe ikastaroan aztertu duzuena. Zein helbururekin?

Ikastaroaren helburua zen frantses iraultza garaira itzultzea. Azken batean, gaur egun Ipar Euskal Herrian euskararen egoeraren bilakaeran edo instituzionalizazioaren gaian behin eta berriz ezezko borobila adierazteko, iraultza garaiko eztabaidak mahai gainean ezartzen direnez, momentu hartako eztabaiak berriro hartu eta gaur egun erabiltzen diren argudio horiek ere kontraesanen aurrean ezartzeko. Garai hartan zer gertatu zen ulertzeko. Garrantzitsua da testuingurura itzultzea, gertatu zenaz ohartzeko. Ikastaroan angelu ezberdinetatik landu nahi izan dugu gaia. Historia ikuspegi batetik, zuzenbide ikuspegi batetik eta historia ikuspegitik baita ere, baina III. Errepublikatik harat, kontzeptu batzuk hobekiago ulertzeko. Agian III. Errepublikan iraultza garaian egin ziren gogoeta batzuk praktikara pasatuko direnez, pentsa daiteke III.Errepublikan abian ezarriko den bide horren ondorio ere badela iraultzaz egiten den interpretazioa. Horregatik zen garrantzitsua hiru atal horiek aztertzea. Iraultza garaiko hizkuntza politika, hizkuntza politikaren bilakaera legearen ikuspegitik eta gero III. Errepublika. Saiatu gara horren inguruko gogoetak hedatzen ikastaroaren bidez.

Frantses Iraultzaren hizkuntza politika eta euskara aztertu dituzu zuk master amaierako lanean. Garai erabakigarria izan zen.

Joan etorri batean Parisetik garatu zen prozesua eta Ipar Euskal Herrian edo hiru euskal probintzietan nola bizi izan zen prozesu hori, zein parte-hartze izan zen eta, beraz, hizkuntzaren gaia ere nola bizi zuten bertakoek eta nolako ikuspegia zuten hizkuntzaren problematikaren inguruan aztertu dut. Hori izan da ikerlanaren aztergai nagusia eta hortik tiratuz hainbat dokumentu aztertu ditut. Zehazki gaur egun ideologia baten oinarri den hori ulertzeko.

Eta ikusteko saldu duten hori ez dela horrela izan. Besteak beste, iraultza garaian bazirelako bestelako ikuspegiak.

Iraultza frantsesaz, hizkuntza politikaz, baina batez ere iraultza frantsesaz idatzi den guztia edo Parisetik zentrotik idatzia izan da, frantses historiografiaren baitan eta; beraz, ikuspegi jakin batekin; edo Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako ikuspegitik landu delarik, elizaren ikuspegitik landu da. Parisetik egindako historiografian ez dago lekurik periferiarentzat, edo periferiak duen leku bakarra da zentrotik egiten den teoriaren justifikazio moduan. Eta bigarrenaren kasuan, irakurketa guztien abiapuntuan aurkitzen da euskal probintzietan ez zela iraultzarik egon eta bertako herritarrak iraultzaren kontrakoak zirela. Orduan, postulatu horretatik abiaturik, irakurketa distortsionatua gertatzen da. Horiek izan dira, hainbatean, lehen bi korapiloak.

Hortik abiaturik, hasiera beretik ohargarri egin zait gaur dagoen irudia, iraultza frantsesaren hizkuntza politikaz, hizkuntza politika bakarra izan dela, hizkuntza politika horren helburua izan dela hasieratik lekuko hizkuntzak ezabatzea eta frantses hizkuntza nazional unibertsala inposatzea frantses estatu nazio sortu berriaren mugen barnean, bada hori ez dela hala izan. Hori izan dela Henri Grégoire apaiz iraultzailearen ideia edo bera izan zela birteorizatu zuena, baina hurbilagotik so eginez gero, ohargarri da, adibidez, iraultza frantses garaian frantses legebiltzarrak onartu duen lehen dekretua hizkuntza politikari dagokioenez, izanen dela lekuko hizkuntzetan itzulpengintza gauzatzeko lege bat. Arautzen zen frantses estatu sortu berriko lege eta araudi guztiak lekuko hizkuntzetara itzultzea eta lekuko hizkuntzetara itzultzeko lana diruztatzea estatutik. Pixka bat kontrajarria da geroztik zabaldu den mezuarekin. Pentsa liteke hori ikuspegi utilitarista batetik egina izan dela, iraultzaren hasieran berean frantses estatu nazioaren eremuan gutxiengo bat zelako frantsesez mintzo zena, eta gehiengoak elebakarrak ziren, baina elebakarrak lekuko hizkuntzetan. Beraz, hizkuntza muga horrek arazo bat sortuko du. Iraultzaren helburua delarik ideia berriak zabaltzea, berrantolaketa bat ematea, antzin erregimenarekin haustea, muga hori gainditzeko, pentsa daiteke erabaki hori gertatu zela. Hori bederen zentrotik.

Interesgarria da aldiz ikustea periferiatik nola bizi izan zen momentu hori. Periferiatik begiraturik argi da bai Okzitanian bai Alsazian bai euskal probintzietan eta batez ere Lapurdin, bertako iraultzaileentzat iraultzaren baloreak eta lekuko hizkuntzen eta nortasunaren eta instituzioen defentsa bateragarriak zirela. Pentsatzen denaren kontrara. Hola bizi zuten eta ikuspegi horretan hainbat ekarpen, teorizazio lan eginen dituzte. Montaubaneko Okzitaniako Gautier izeneko iraultzaile batek argi eta garbi zehazten zuen -Grégoiren artxiboetan aurkituko dena- helburua zela ideiak hedatzea eta, beraz, eskolak ezinbestekoak zirela, baina hori lekuko hizkuntzan egitea ezinbestekoa izango zela. Ez ikuspegi utilitarista batetik baizik eta bere gogoetan pausatzen du bestelako paradigma bat. Iraultzaren proiektua unibertsaltzat joko du, idei berrien zabaltzea helburu duena eta gizabanakoaren askatasuna helburu duena, eta iraultza beraz edozein hizkuntzatan egin daiteke. Eta hori biziki inportantea da. Eta Alsazian berdin garai berean, 1790ean ere, agertuko dira hainbat dokumentu norabide berean joaten direnak. Agertzen da iraultzaren aldeko atxikimendua, frantsesa ikastearen nolabaiteko aldekotasuna. Frantses nazio estatu sortu berriko beste herritarrekin komunikatzeko, baina beraien hizkuntza bezala alemana atxikitzearen beharra aldarrikatzen dute. Eta Ipar Euskal Herritik, Lapurditik begiraturik, gisa bereko gogoetak agertzen dira.

Iraultza garaian lehen aldiz sartuko da euskara eremu politiko-instituzionalean.

Aski interesgarria da ikustea nola iraultzak euskararen estatus aldaketa bat eragingo duen. Iraultza garai arte euskarak ez du inolako existentziarik izanen eremu administratiboan eta iraultzarekin, beraz, euskararen historia sozialean lehen aldikoz euskara sartuko da eremu politiko administratiboan. Praktika politiko berrien hizkuntza ere bilakatuko da eta horren adibide argigarrietarik bat da, itzulpenez harago, 1792tik 1796 bitartean agertzen diren Ahetze herriko bilkuren akta guztiak euskaraz direla. Ez elebidunak, euskara hutsez idatziak dira. Horrek erran nahi du bilkurak euskaraz egiten zirela eta aktak euskaraz idatziak zirela. Aurreragokoetan euskarazko aipamen batzuk agertzen dira eta ondorenekoan ere euskaraz erran batzuk agertzen dira. Pentsa daiteke hori dela idazkari euskalduna zelako, baina horretaz harago suposatzen du nolabaiteko aldekotasuna ere bazegoela. Eta Ahetzen hala bazen beste herrietan ere hala izan zitekeela, hala izan zela pentsa daiteke. Eta hori biziki inportantea da euskararen historia sozialari dagokionez.

Baina hizkuntza frantsesa izan da Frantziaren batasunaren ikur. Apurka apurka gertatuko da, zuk aipatutako konplexuetara heldu arte.

1792ra arte frantses erreinuaren juntagailua, biltzailea, erregea izanen da. Erregeak biltzen ditu herritarrak, biltzen ditu herri populu ezberdinak. Erregea da batasun horren bermea. Erregea epaitu eta heriotza zigorrera kondenatu eta hilko duten heinean, juntagailu hori desagertuko da eta berri bat sortu beharko da. Sortzen ari den nazio politikoari juntagailu bat ezarri beharko zaio. Hizkuntza izango da frantses estatu nazioa sortzeko baliabideetarik lehena. Interesgarria da Grégoiren gogoetetan ikusten den ikuspegi binario hori berreskuratzea. Oso ikuspegi binario eta sinplista izanen da. Iragana aurkezterakoan feudalismoa, antzin erregimena, zapalkuntza… Eta etorkizuna, askatasuna, progresoa, ideia aurrerakoiak… Baserri munduan iraganeko ideiak, kontserbadoreak, erreakzionarioak… Hiriguneetan progresoa, ideia aurrerakoiak eta beste. Eta hizkuntzekin berdin izanen da. Lekuko hizkuntzak izanen dira iraganaren lekuko, edo iraganaren gordailu, eta etorkizunarena frantsesa izango da. Frantsesa izango da askatasunaren hizkuntza.

Erran behar da iraultza arte jada frantses erreinuan bazegoela nolabait eleaniztasuna onartua, baina eleaniztasun hori zen banaketa sozial hierarkikoaren ispilua. Hizkuntza guztiek ez zuten balio berdina eta posible zen hiztun bakoitzaren klase sozialaren berri izatea bere hizkuntz gaitasunaren arabera. Lekuko hizkuntzetan mintzo ziren herritar elebakarrak behe klasekoak ziren eta gero eta hizkuntza gehiago mintzatu -frantsesa, latina- kategoriaz igotzen ziren. Frantses estatu nazioaren sortze prozesuan luzaz hori hainbatean hor geldituko da. Hizkuntza izango da frantsesak berdintzeko nolabaiteko elementua. Berdinduko dira hizkuntza aldetik, baina gainerako bereizketak berdin berdin jarraituko du. Nolabaiteko falazia bat ere eraikiko da horren inguruan. Interesgarria da horretan ere begia ezartzea bestelako perspektiba bat ematen diolako gaiari.

Erregetzan bereizketa hizkuntza ezagutzaren arabera egiten zen heinean, edozein eskualdetan norbaitek bazuen pretentsioa kategoriaz sozialaz edo eskala sozialean igotzeko ezinbestean frantsesa eta latina ikasi behar zuela. Hori hein batean erregetza garaian ere barneratua zuen herritargoak, baina agian beharrik ere ez zuten sentitzen, egoera bestelakoa zelako, eta agian bakoitzak bere eskualdean, bere herrian bazuelako bizibidea. Iraultzarekin gauzak aldatzen joanen dira eta hori indartu egingo da. Norbait bilakatzeko asmotan dagoen horrek fite ulertuko du frantsesaren beharra eta bere lekuko hizkuntza baztertzearen beharra. Iraultzarekin hori sistematizatu egingo da. Hor badira bi norabide. Frantses hizkuntza goitik behera ezarri da, goitik behera inposatu da, eremu bat uniformizatzeko, nazio estatua eraikitzeko, baina behetik gorako dinamika bat eragin du horrek ere. Egoera bat sortu du non denbora iragaiten joan ahala herritarrek barneratu dute beren hizkuntzari, beren nortasunari bizkarra eman beharra, -batez ere XIX, XX. mendera heltzean- etorkizun bat izateko. Luze joan den ibilbide bat da, baina jendearen buruetan sartu dena eta konplexuak eragin dituena. Gaur arte konplexuak eta ondorioak utzi ditu, bai.

Amaitzeko, ikastaroan zehar zein ondorio atera dituzue?

Oso interesgarria izan da angelu desberdinetatik gaia aztertzea. Alde juridikoak argi adierazi duena da momentuan ideia bat, ideologia bat izan dena nola lege bilakatu den. Nola lege bilakatu den gainera berriki, 1992an. Ordura arte hizkuntzak ez zuen leku berezirik konstituzioaren barruan. Ez dugu gehiago ideia bati, ideologia bati aurre egin behar baizik eta lege bati. Eta azpimarratzea iraultzan beste bide posible batzuk ere teorizatu zirela eta bestelako bide posibleak ere bideratzen entseatu zirela. Eta bide posible horietan lekuko nortasunak eta hizkuntzak iraultzaren ideiarekin bateragarriak zirela, norbanakoak eskubideak izateaz gain, eta norbanakoaren berdintasuna teorizatzeaz gain, herrien arteko berdintasuna, eta, beraz, hizkuntzen arteko berdintasuna ere teorizatzeko bide bat ireki zela.

Ipar Euskal Herritik begiraturik euskararen, nortasunaren aldarrikapena iraultzak hautsi nahi izan zuen iragan beltz batekin, ilun batekin, parekatu nahi da. Eta ibilbide hori berriz argitan ezartzeak erakusten du beste bide posible horretan ez zela batere hala; alderantziz, lekuko nortasun, hizkuntzak ideia aurrerakoien eramaile ere bazirela eta proiektu aurrerakoi horren ordezkari ere bazirela. Eta aipatu den bezala ondoko belaunaldiek ikerbideak izango lituzkete gai horretan. Eta gaur egun bizi dugun hizkuntza egoera ez dela istripu baten emaitza, baizik eta planifikatua izan den zerbaitena. Aurreko belaunaldiek agian guk baino bortizkiago pairatu edo bizi izan duten horren bilketa lana egitea beharrezkoa dela oroimena berreskuratzeko eta psikologikoki utzitako ondorioak ere ongi neurtzeko. Eta ondoko belaunaldiek ere izan dituzten jarrera, ikuspegi horiek ere ulertu ahal izateko eta bestelako perspektiba bat eskaintzeko hizkuntzari.