200.000 euro gehiago Ipar Euskal Herriko eragileen euskarazko jarduerak laguntzeko

Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaularitzak euskararen alde lan egiten duten eragileei zuzenduriko diru laguntzak aurkeztu dituzte. Euskal Elkargoaren sorrerari esker iaz baino 200.000 euro gehiago banatuko dituzte. Aurten, 61 eragileren jarduerak diruz lagunduko dituzte.

Maite UBIRIA|2017/07/13 10:38|0 iruzkin
Guz_oplb_diru_laguntza_kontseilu_nagusia_imiquelestorena01
Beñat Arrabit EEPko lehendakari berria izendatu dute uztailaren 11n. ©Isabelle Miquelestorena

Gasteizko Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) sorturiko lankidetza-funtsa hamargarren urtemugara helduko da aurten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Ordutik, aldaketa txiki batzuekin, ereduari heldu diote lankidetza-funtsa kudeatzen duten erakundeek. Aldiro nagusitzat hartzen diren eragile batzuek (aurten 9) jasotzen dute diru kopuru handiena. Gainerakoa, eragileek (aurten 52) garaturiko jardueren edota aurkezturiko proiektuen arabera banatua izaten da.

Hartara, irakaskuntza, helduen euskalduntzea, aisialdia eta hedabideen eremuak lehenetsiak dira. Azkena eremu nagusian sartu zuten iaz. Alta, hainbat hedabide jardueren araberako banaketan sartzen dituzte oraindik ere. Trantsizio egoeran dagoen erakundeak –Beñat Arrabit Euskal Elkargoko Euskara arduraduna izendatu berri dute erakundearen buru– irizpideak fintzeko gogoeta zabaltzeko daukatela aitortu du Bernadette Soule EEPko zuzendariak.

200.000 euro gehiago

Aurrekontu publikoen murrizketa orokorra argudio gisa erabilita, hainbat urtetan ez dute ia diru-funtsa handitu. Euskal Elkargoaren sorrerari esker, ordea, aurten 1.930.000 euro banatuko dituzte orotara, iaz baino 200.000 gehiago.

Irakaskuntzari eta helduen euskalduntzeari egokituko zaie kopururik handiena: orotara, 496.000 euro lehenari (horietarik 405.000 Seaskarentzat) eta 500.000 euro bigarrenari, hots, AEKri. Bestalde, aisialdi alorrak 234.000 jasoko ditu (Bertsularien Lagunak-ek 55.000 eta Uda Lekuk 179.000) eta euskal hedabideen eremuak 320.000 (310.000 Euskal Irratiek jasotzen dituzte eta Euskal Hedabideak elkarteak, 10.000). Azkenik, proiektu deialdian 380.000 banatuko dituzte, iaz baino 30.000 gehiago. Atal horretan Kazeta.eus atariak 28.000 jasoko ditu eta Mediabask hedabideak, 5.000.