Kazeta

Euskararen erabilpena apaldu da karrikan

Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako Hizkuntzen Erabileraren zazpigarren Kale Neurketaren arabera, euskararen erabilera apaldu egin da azken hamar urteetan Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriari dagokionez, inoizko erabilera-indizerik baxuena jaso dute. Euskal Herriko lurralde osoa kontutan hartuta, %12,6koa da euskararen erabilera karriketan.

Soziolinguistika Klusterreko kideak Hizkuntzen Erabileraren zazpigarren Kale-neurketa aurkezten, Donostian. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]
Soziolinguistika Klusterreko kideak Hizkuntzen Erabileraren zazpigarren Kale-neurketa aurkezten, Donostian. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]

Hizkuntzen Erabileraren azken Kale Neurketaren emaitzak ez dira onak. Olatz Altuna ikerketaren zuzendariak aurkezpenean adierazi duenez, ibilbide luzeko azterketa da hau; 1989tik egiten da. Hizkuntzen presentzia kuantifikatzen da kaleko elkarrizketak behatuz, inori galderarik egin gabe. Elkarrizketen hizkuntza, solaskideen adina eta sexua, eta haurren presentzia kontuan hartzen dira. Azken 27 urteetan zazpi argazki atera dizkiote hala Euskal Herri osoan euskararen kale-erabilerari, Naiz atariak azaldu duenez.

Azkenekoan, 2016koan, 144 udalerri behatu dituzte, eta 187.000 elkarrizketa jaso, 515.000 hiztunenak. Datu kantitate handi horrek fidagarritasun estatistiko handia ematen du; %0,3koa da akatsa datu orokorretan.

Donostiako EHUko Joxe Mari Korta zentroan egindako aurkezpenean, ondoan izan ditu Altunak Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria, eta Iñaki Martinez de Luna, Eneko Anduaga eta Eneko Gorri batzorde zientifikoko kideak. Azaldu dutenez, ondorio nagusia da euskararen kale-erabilera apaldu egin dela Euskal Herrian azken hamar urteetan. 2016ko udazkenean burututako kale-neurketan euskararen erabilera %12,6koa izan da; gaztelaniarena %76,4koa, frantsesarena %8,3koa eta bertze hizkuntzena %2,7koa.

Lehen kale-neurketa egin zenetik, hau da, 1989tik, 1,8 puntu egin du gora euskararen erabilerak. Hasiera hartan, %10,8ko indizea jaso zen. Baina 2006tik hona %13,7tik %12,6ra jaitsi da. Gaztelania eta frantsesa ez diren bertze hizkuntzen erabilerak ere behera egin du azken bost urteotan.

Hiriburuetako bilakaera

Hego Euskal Herrian, azken bost urteetan, euskararen ezagutza gutxiago duten eremuetan eutsi egin diote erabilerari, baina ezagutza gehiagoko guneetan atzera egin dute. Ipar Euskal Herrian aldrebes gertatu da: ezagutza gutxiagoko eremuetan jaitsi, eta ezagutza altuenekoetan (Nafarroa Beherea eta Zuberoa) gora egin baitu.

Hiriburuei dagokienez, lurraldeetako joera bera izan dute denek, Iruñeak ezik. Nafarroako hiriburuan bere horretan dago euskararen kale-erabilera 1997tik. Gasteizek igoerarik nabarmenena izan du azken bost urteetan. Donostia, berriz, atzeraka ari da hamar urteotan eta Bilbo ere bai hamabost urteotan. Baionan ere apaldu egin da 2011tik eta gaur egun gaztelaniaren parekoa da euskararen kale-erabilera.

Gazteek eta emakumeek gehiago

Euskal Herri osoko joera da zenbat eta gazteago orduan eta gehiago erabiltzea euskara. Baina azken hamar urteotan adin-tarte guztietan gertatu da atzerakada. Adin guztietako emakumeek euskara gehiago egitea ere portaera errepikatua da ikerketaren azken hiru edizioetan eta lurralde guztietan.

Haurren presentzia eragin handiko aldagaia da eta joera orokorra da erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak elkarrekin daudenean jasotzea. Indizerik baxuenak, aldiz, nagusiak haurrik gabe solasean ari direlarik neurtzen dira.

Haurren artean ere euskara gutxiago erabiltzen da, baina Ipar Euskal Herriko salbuespena azpimarratu dute: bertan 2,5 puntu goititu da euskararen erabilera umeen artean hamar urteotan.