Beñat Arrabit EEPko lehendakari berria izendatu dute

Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna eta Arrosako auzapeza den Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidentea izendatu dute uztailaren 11n. Mathieu Bergé Akitania Berriko kontseilariaren segida hartuko du hiru urterentzat.

Iurre BIDEGAIN|2017/07/11 16:04|0 iruzkin
Encadre_1
Beñat Arrabit Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna da. © Isabelle MIQUELESTORENA

"Pozik" agertu da izendapenarekin Beñat Arrabit. Hain zuzen, uztailaren 11n iragan den barne bilkuran Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente berria izendatu dute. Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna denak azaldu duenez, Max Brisson lehendakariordea izango da Mathieu Bergérekin batera. Azken biak, Frantxoa Maitia, bezala instituzioko presidenteak izan dira iraganean.

Akitania Berriaren txanda ondotik, Euskal Elkargoko ordezkari bati zegokion erakundearen buru izatea. Horiek horrela Arrosako auzapezak segida hartuko du. "Lan asko egina izan da, baina anitz egiteko dago. Ezker eskuin euskararen alde lan egin dugu eta horrela segitu behar du", dio lehendakari berriak.

Karguari eutsi bezain laster bere helburua euskararen alde aritzea dela nabarmendu du. Xede horrekin bat egiten duten elkarteak, hala nola, Seaska eta AEK, diruz laguntzen segitzeaz gain, beste proiektuen alde joko duela aipatu du.