KAZETA

Euskal Herria Zuzenean festibala deuseztatua, elkartasuna ez

Ez da izanen Euskal Herria Zuzenean festibalik 2017an. Azkenean, aroarengatik eta batez ere bere ondorioengatik, topaketa ezeztatzea erabaki dute antolatzaileek. EHZ auzolanean eraikitako proiektua izaki, "elkartasun erauntsia" behar duela esan dute eta egitasmoan sinesten duen orori laguntza eskatu diote.

Hamarka gaztek egin dute elkartasun deialdia. @txuriya
Hamarka gaztek egin dute elkartasun deialdia. @txuriya

Azken egunetan asurantzekin mintzatzen ibili dira antolatzaileak eta badirudi azkenean erabakia hartu dutela: ez da EHZ festibalik izanen aurten. Azken egunetako euri erauntsien ondoren, anulatzea erabaki dute. Haatik, badirudi ekaimen kolektiboak izpiritu berarekin segitzen duela, arratsalde honetan agerraldi masibo bat iragarri baitute arduradunek. Azalpen guzian emanen dituzte orduan.

Arratsaldeko lehen orduan agerraldi jendetsua egin dute antolatzaileek Lekornen, erabakiaren xehetasunak emateko. Azaldu dutenez, "pena haundiarekin" hartu duten erabaki "zaila" izan da, baina azken egunotan izan den eguraldiak eta astebururako iragarpenak kontuan hartuta hartu behar izan dute deliberoa. Aseguru etxeekin, teknikariekin eta boluntarioekin hitz egin dute eta ondorio "argira" iritsi dira: ezin dutela jaialdian parte hartuko duten artisten, laguntzaileen eta bertara joango direnen segurtasuna bermatu.

Eskerrak eman dizkiete "bihotz bihotzez" festibalaren antolakuntzan lagundu duten ehunka lagunei, baita crowdfunding kanpainan bere ekarpena egin duten guztiei.

EHZ auzolanean eraikitako proiektua izaki, "elkartasun erauntsia" behar duela esan dute eta egitasmoan sinesten duen orori laguntza eskatu diote, desmontaketa lanetan lagunduz edo diru ekarpena eginez. "Antola dezagun EHZren aldeko elkartasun erraldoia", adierazi dute.

Etorkizunari buruz

Aurrera begira, berriz, galdera horri erantzutea "denon ardura" dela nabarmendu dute. Aurten jaialdiaren etorkizunari buruz abiatu duten gogoetarekin jarraituko dute eta elkartasun deia berretsi dute. "EHZ beti izan da hiru eguneko festibala baino gehiago, aurten ez da posible izango baina gure baloreetan oinarrituz Euskal Herria Zuzenean elkarteak aurrera segituko du, bizirik, bat eginik eta geroari so, indarrez beterik".

Etorkizunari begira jarri baino lehen, zorrak deuseztatu nahi dituzte gazteek, parametro horrek ez dezan gogoetan eragin. Laguntza ekonomikoa eman nahi duten pertsonek elkartearen kontu korrontera bideratzen ahal dute*. Txartela jada erosia zutenek, berriz, dirua itzultzen ahalko dizkiete antolatzaileek.

 

Creditcoop - Bayonne

IBAN : FR76 4255 9000 4421 0292 5040 639

BIC :CCOPFRPXXX