Etxauzia gazteluaren historiaren zertzeladak

Gasteizen ireki berri duten ARTgia Areto & Sorgunea espazioak uztailaren 14ra bitarte Irantzu Lekue artistaren "Arnasa 01" erakusketa hartuko du. Formatu handiko sei koadrok osatzen dute saila, eta Baigorriko Etxauzia gaztelua dute ardatz, "bere historia eta ingurunea, bere iragana, orainaldia, baita etorkizuna ere", Lekueren hitzetan. Gazteluaren gaineko erreferentziak XI. mendetik heldu dira eta Nafarroako historiaren memento askori lotua izan da.

KAZETA|2017/06/30 12:50|0 iruzkin
Capture_d_cran_2017-06-28_15
Irantzu Lekuek "Arnasa 01" erakusketa prestatu du.

"Arnasa 01" proiektua Lekuek Baigorrira eginiko bisitarekin abiatu zen. "Herritarrekin hitz egiteko parada hartu nuen eta Josu Martinez Baigorriko bizilagun, zinemagile eta idazlearekin, bertako lekuak, bistak ezagutu genituen lanean hasi aurretik", azaldu du Lekuek. Horrela, hainbat egunez, artelanak garatzen hasi zen, "paisajistikoak, baita figuratiboak ere. Gazteluaren inguruetan erreparatuz, bistetan, detaile txikietan eta, nola ez, mahasti eta mendiak inspirazio iturri moduan hartuz". Lekueren aburuz, sortzeko leku bikaina da Baigorri eta, horregatik, Etxauzia Gaztelua izan da "Arnasa 01" sailaren inspirazio iturri. Artelanak teknika piktoriko mistoarekin sortu ditu, "pintzelada koloretsu eta dinamikoarekin inpresionismoa gogorarazten duten lanak lortuz".

"Arnasa 01" sailaren bigarren zatia tailerrean burutu du: "Xiberoak eta Baxe Nafarroak historikoki pairatu izan dituzten migrazio prozesuetan pentsatzen hasi eta Etxauziak diasporarekin izango duen harremana baliatu dut formatu handiko artelan onirikoa, surrealista sortzeko". Formatu handiko artelan honek 4 x 2 metroko multzo piktorikoa osatzen du "diaspora, historia, herria eta kultura oinarri dituelarik, baina surrealismora ekarrita".

Etxauzia gazteluak hainbat mendeko historia dauka. Bertrand Etxautz (1599-1617) baigorriar noblearena izan zen; XIX. mendean, Hendaiako Abadia gazteluaren jabeak, Antoine d’Abbadiek haren anaia Jeanentzat erosi zuen; eta gero honen iloba Henri d’Abbadie (1897-1968) zinemagilearena izatera pasatu zen. Harry d’Abbadie izenez ezagutua, Hollywooden zinema zuzendari eta aktore izan zen, Charles Chaplinekin lan egina. Chaplin hirutan joan zen Baigorrira, udaldietan Etxauzian ostatu hartu zuen ospetsuen zen garaian. Haren argazkiak daude oraindik gazteluan, Etxauzia Elkarteak jakinarazi duenez. II. Mundu Gerran, berriz, alemaniar naziek Etxauzian hartu zuten ostatu.
 
Etxauzia erostea helburu duen egitasmoak 500.000 euro lortzea du xede

Orain bi urte abiatu zen Etxauzia gaztelua erosteko proiektua. Lekuek gogora ekarri duenez, gune hori lantegien elkartea izatea nahi dute, hots, eskualdearen eta inguruaren garapena xede izango lukeen gunea. Bi urte hauetan 100.000 euro lortu dituzte eta Etxauziak hainbat babesle edo "bizilagun" ere egin ditu; besteren artean, Bernardo Atxaga, Oskar Alegria, Maialen Lujanbio, Pedro Miguel Etxenike, Alicia Otaegui, Mireia Gabilondo, Jon Maya eta Mursego. Orain, irailera bitartean 500.000 euro lortzea jarri dute helburutzat.