KAZETA

Intxaurmendi Kantuz tupinen artean

Hazparne eskualdeko sukalki lehiaketa antolatu du Lekuineko Zubia elkarteak. 

Herritarrak urtean behin festa giroan elkartzen ditu Intxaurmendi Kantuz egunak.
Herritarrak urtean behin festa giroan elkartzen ditu Intxaurmendi Kantuz egunak.

Zubia elkartea berrikuntzekin heldu da aurten. Uztailaren 8an, Intxaurmendi Kantuzen 10. urtea markatzeko, Hazparneko eskualdeko sukaldaritza lehiaketa bat antolatuko du. Ez da arroltze moletarena izanen aitzineko urteetan bezala, baizik eta, oilasko jakiaren prestaketarena.

Duela hamar urte sortu zuen ekimena Zubia elkartean bildutako herritar multxo batek. Bere helburua, lekuindar zahar eta berrien arteko zubiak sortzea da. Erran nahi baitu animazio kultural eta kiroltsu batzuen bitartez belaunaldiak lotzea.

Kantu, euskal joko, dantza, afari… jarduera zenbaitzuren inguruan denak elkartasun eta lagun arteko giroan egun goxo bat pasatzea dute xedea. Baina ez bakarrik, aurten hiru azken urteetan ez bezala, Hazparne lurraldeko herritarrek euskal oilaskoa prestatzen ahalko dute.

Arratsaldeko 5etan hasiko da konkurtsoa, bi edo hiru pertsonako lagun taldeetan banatuko dira lehiakideak. Parte hartzeko uztailaren 1a baino lehen eman behar da izena. Antolakuntzak oilaskoa eta mahaina ekarriko du, baina parte hartzaileak arduratu behar dira gainerateko osagai eta materialaren ekartzeaz. Irabazleak 20etan izanen den afarirako bi toki ukanen ditu.

Egunean zehar, berriz, 15.00etan, herritarren arteko euskal joko, desafio ugari izango dira eta deneri irekiak izango dira. (Xehetasunak: 06.12.24.16.94 edo mailez loflekuine5@gmail.com)