KAZETA

Ziklo bat hetsi du Hautetsien Kontseiluak

Duela hogei urte abian jarri eta, Euskal Elkargoaren sorrerarekin eten da Hautetsien Kontseilua ibilbidea. Aste honetan bere lan eremuak eta bere baliabideak Euskal Elkargoaren esku gelditu dira, ofizialki. Iragan apirilean sartu ziren jada bere langileak erakunde berrian.

A. Lamassoure, J.J. Lasserre eta J.R. Etchegaray izan dira elkarte horren lehendakariak. © Isabelle MIQUELESTORENA
A. Lamassoure, J.J. Lasserre eta J.R. Etchegaray izan dira elkarte horren lehendakariak. © Isabelle MIQUELESTORENA

Hautetsien Kontseiluak bere azken biltzarra egin zuen joan den ostiralean. Gauzak horrela, aste honetatik landa Ipar Euskal Herriko erakundetzearen historian kapitulu zaharra itxi eta berria zabaldu da. Hartara joan den mendeko 90eko hamarkadan elkarte izaerarekin sortu zen egiturak martxan jarritako lan eremuak, baita tresnak eta giza baliabideak ere, Euskal Elkargoaren esku gelditu dira.

Iazko urte hondarrean abiaturiko trantsizioari bide emanez, apirilaz geroztik Hautetsien Kontseiluak zituen langileek Euskal Elkargoan dihardute, hiru lurralde bere baitan hartzen dituen erakunde berrian. Bere azken Biltzar Nagusia, ondorioz, martxan zen prozedura ixteko baliatu zuen erakundeak.

Hautetsien Kontseiluak bi hamarkada luzeetan bere tokia hartu du Iparraldeko erakundetze prozesuan. Garapen Kontseiluarekin batera lurraldearen araberako estrategiak marrazten «lan partekatua» egin dutela azaldu du Battitta Boloki azken lehendakariak.

Geroari buruz gogoeta eginez
Euskal Herria 2010 eta 2020 izeneko gogoetetatik abiatuta, hiru lurraldeen antolaketa orokorra martxan jartzea izan zuen helburu. 85 ordezkariko egitura mistoak Lurralde Kontratuaren bidez aitzineratu zituen egitasmo gehienak. Tresnak mugak erakutsi zituen berehala.

«Gero eta gehiago Ipar Euskal Herria neurri gisa hartuta jarduteko beharra sentitu genuen», oroitarazi du Bolokik. Lurralde estrategia integral baten beharrak agindurik, 2009an, elkarte izatetik estatus publiko izaera zuen egitura sortzeko jauzia egin zuen, Balladur erreforma baliatuta. Anartean, karrikan erakunde baten aldeko aldarrikapena handituz joan zen, 2012an estatus bereziko euskal elkargoa sortzeko aukera agertu zen arte. Parisek izkin egin zion horri, baina oztopoak oztopo, 2016an Euskal Elkargoa sortu zen, maila apalagoa badu ere.