Lapurdiko Arraun Taldeak ustekabea sortu du Donibane Lohizunen

Arraun talde gaztearen ligako lehen lasterketa zen larunbatekoa eta bikainki burutu du. Donibane Lohizuneko Bandera irabazi du.

Goizeder TABERNA|2017/06/27 08:50|0 iruzkin
Gar_trainiere_xubero_bobedme101
Fite hartu dute lehiakideekiko aitzina Lapurdiko arraunlariek. © Bob EDME

Ez zuten hori espero. Lapurdiko Arraun Taldeko gazteek Donibane Lohizuneko Bandera eskuratu dute. Ustekabekoa izan da ere herritarren harrera beroa banderarekin herriko karriketan ibili direnean. Erran behar da festa nagusiak zirela eta azken urteetan bandera bildua atxiki dutela Ur Joko elkarteko antolatzaileek. Eta treinera berri horren lehen parte hartzearekin kontziditu du 25. leihaketak.

Ez du 90 hamarkadan zuen itzala, baina KAE-2 Ligako froga bat da eta, azken batean, hori zen Lapurdiko Arraun Taldearen (LAT) ametsa. "Gure lehen helburua Ligan sartzea zen, besterik ez. Ez ginuen uste irabaziko genuenik", aitortu du Ainara Goñi patroi ordezkariak. Larunbatekoa Ligako lehen lehiaketa izan da, eta lehen garaipena.

Urteetan zehar, Donibane Lohizuneko Ur Joko taldeak ez zuen sekula bandera iribazi eta aldi huntan lortu izanak omenaldi gustu bat dauka lapurtarrentzat. Aspaldian talde xume hura sortu eta arraunerako gustua sustatu dutenei egindakoa. Oraindik gehiago: "Xubero" izena eman diote traineruari, afizioa sutsuki pizten ibili zenaren izenekoa.

Beste treineruekin lehiatzekotan

Lapurtarrak indarrean itzuli dira badiara, aldi honetan, Angeluko Ibaialde, Aviron Bayonnais eta Baionako nautika sozietateko kideek ere atxikitzen baitituzte arraunak. Hogei bat gaztek eramaten dituzte kolore gorri, ferde eta xuria. Denen artean batasun bat sortu zuten 2016ean eta Guillermo Somoano hartu zuten trebatzaile. Beste treineruekin lehiatzekotan, mundu hori ezagutzen zuen norbaiten beharra zutela bazekiten.

Donibane Lohizuneko Bandera baino lehen egindako test norgehiagokak oso ongi joan zaizkie eta konfiantziarekin sartu dira Donibane-Ziburuko badian. Oraindik gogo handiagorekin ikusten dute atzetik heldu zaiena. "Asteburu oro bi lasterketa ditugu, orotara 16 egin behar ditugulako. Gure helburua gutienez 3. dibisioan [KAE-2] gelditzea litzateke eta ahal badugu 2.-era igotzea", kontatu du Errenteriako neska taldean aritu izan denak.

Haien ondoan, gainera, atxikimendua sentitzen dutela dio. Guti bada ere, babesle asko diruz laguntzeko prest dira. Afizio gutiko lurralde honetan arraunak korrentea bere alde du.

 

Donibane Lohizuneko Banderaren sailkapena / denbora:

1º LAPURDI - 21:27,18
2º SAN JUAN-SUMELEC - 21:36,94
3º HIBAIKA - BIT & MINA - 21:58,21
4º BERMEO-MUNDAKA-AVIA - 22:05,87
5º Camargo - 22:07,60
6º DONOSTIARRA B - 22:16,82
7º ELANTXOBE-IDAR - 22:18,65
8º Getxo - 22:20,50
9º Sanpedrotarra A.E. - 22:26,05
10º Lutxana - 22:28,73
11º PORTU-DEUSTO - 22:31,26
12º SANTOÑA CR - 22:36,27
13º Mutriku - 22:48,67
14º SDR CASTREÑA - 22:59,62
15º Laredo - 23:22,15