Hezkuntza eginkizun, prekaritatea bizipen

Hezkuntza arloko ehun langile baino gehiagori ezegonkortasuna bizi duten galdetu die LAB sindikatuak: %80k hala bizi edo ondokoengan ikusten dutela erantzun dute.

KAZETA|2017/06/27 12:05|0 iruzkin
Pd20_hezkuntza
Hezkuntzan izaten ahal den prekarietateak arduradun anitz ditu, izaten ahal da herriko auzapeza ala Hezkuntza ministeritza, ber gisan.

Etxeko lanak eginik bukatu du ikasturtea LAB sindikatuak. Hezkuntza arloko prekaritatearen mapa marraztea zuen helburua aurten eta langileei zuzendutako galdeketen erantzunen bidez osatu du. 124 izan dira orotara inkesta horri erantzun dutenak eta %80k prekaritatea bizi edo haien inguruan ikusten dutela diote.

Izan publikokoak zein pribatukoak, lehen mailakoak nola bigarrenekoak, hezkuntza eredu guzietako langile eta irakasleei betearazi diete galdeketa. Ororen buru, erantzun dutenen %60a publikokoak dira.

Haien guzien erantzunen bilduma eginik, sindikatuko hezkuntza taldeko kideek urrunago joan nahi dute. Heldu den irailetik aitzina, nabarmendutako arazoei aurre egiteko tresnak bilatzeko gogoeta bat abiatuko dute. "Langile eta irakasle horiek ez dute amore ematen: aterabideak proposatzen dituzte eta %50a prekaritatea desagertarazteko kolektiboki antolatzeko prest dela [dio]" , azaldu du LABek.

Haatik, zenbakiek adierazten dutena kezkagarria dela diote Hezkuntza taldeko kideek. Galdezkatuen %70ak dio prekaritatearen iturria lansari apalak direla, hein berean behinekotasuna dela. Maila apalago batean, uste dute formakuntza eskasa eta lanaldi partzialak edota zatikatuak (%43 bakoitzarentzat) direla.

Iritzia eman duten pertsonen erdiak baino gehiagok (%60) dio lan baldintza prekarioek zerbitzua baldintzatzen dutela, baina hezkuntzako langileek haien lanaren kontzientzia dutela eta "artatsuak" direla erranez ekarri dute ñabardura.

Hala ere, bada paradoxa bat, ezegonkortasuna eta segurtasun eskasa haur eta gazteei horren aurkakoa eskaini behar dietenen ezaugarria izatea.