Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Angel Oiarbide
Gure Esku Dagoko bozeramailea

"Gure Esku Dagoren izpiritua, Iparraldean jada hedatutako jarrera da"

Bosgarren urtemuga ospatu berri du Gure Esku Dago dinamikak. Ibilbide horretan erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena sendotzen joan da. Haatik, bide horretan emandako urratsak ezberdinak izan dira Hego eta Ipar Euskal Herrian. Angel Oiarbide bozeramaileak arrakastaren ezberdintasuna zertan datzan azaldu du.

Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea.
Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea.


Bost urte bete ditu Gure Esku Dago ekimenak. Zein da egiten duzuen balorazioa?

Bilana oso ona da. Gure ustez Gure Esku Dago (GED) bezalako funtsezko eragile bat sortu behar zen herri honetan. Duela bost urte, haizeak kontra zeuden garaian, urruntzen gintuen gai bat topagune bihurtu dugu. Garaian hartan honakoa pentsatu genuen: zer egin genezake Euskal Herri mailan, hiru milioi laguneko eremu batean, amankomuneko oinarriak adostu eta herritarrak martxan jartzen bagine? 



Dinamika sortu zen unean metafora bati pentsatu genuen. Zein zen? Itsasontzi batek itsaso zabalean aurrera egiteko haizearen indarra baliatzeko beharra du. Oihal sendo eta zabal batek haizearen inertzia behar du aurrera egiteko. Horixe zen guk egin behar genuena. Hau da, euskal gizartea oinarritik, ahalik eta zabalen, josi eta ehundu. Iparretik etorri behar ziren haize demokratiko horiek gure gizartean eragin kokapen hobe batera eramateko. Horregatik eta horretarako sortu zen 2013ko ekainaren 8an Gure Esku Dago. 



Zein da orduan Gure Esku Dagok aurrez aurre zuen testuingurua?



Herri honengan sinisten dugu. Sinismenak jarrera bat dakar. Gure ustez, herritarrek ez zekiten zenbateko gaitasuna zeukaten etorkizunean eragiteko. Hori zen gure panorama. Erronka handi bat jarri genuen orduan. Erronka geroz eta handiagoa bada, lan perspektibak proportzionala izan behar du. Erronka handi horrek behartu gintuen herriz herri ordura arte aurpegira begiratu ez zen jendea, elkarrekin esertzea. Elkarlana sustatzea. Konplizitatea sortzea. Hautsita zeuden zubiak berriz eraikitzea. Saretzea. Urte horretan hasi ginen mito asko puskatzen. Ikusi genuen sentsibilitate ezberdineko jendea elkarrekin lan egiteko gai zela eta beharra genuela. 



Gainera, ikusi genuen herritarrak elkarrekin pausuak ematen hasten bagine, hasieran uste genuena baino gaitasun handiago genuela. Hasieran GEDk erraten zuena berresten hasi ginen. GED ez da lelo bat, slogan bat, baizik eta jarrera bat. Ikusle izatetik protagonista izatera jauzi egiten duen jarrera bat da. 2013ko urtetik gaur egun arte horretan ari gara. Jarrera hori ez da fede kontu bat. Norberak pausuak eman ahala, sentitu hala, barneratzen duen jarrera bat da. Lau urte hauetan konturatu gara jarrera hori areagotzen ari dela. Elkarlan hori areagotzen ari dela. 

Egiten ari garen lana, egin beharreko lan bat zela uste dugu. Hala ere, oraindik asko falta zaigu egiteko. 



Ipar Euskal Herrian zergatik ez da jarrera hori lehenik sustraitu eta denborarekin zabaldu?

G

ED sortu aurretik Euskal Herriko eragile askorekin elkartu ginen, Iparraldekoak barne. GED ezinbestekoa zen ekarpen bat egiteko, batez ere Hego Euskal Herrian. Hau da, GEDk orain arte egin duen lanketa, Ipar Euskal Herrian egin dena dela esango genuke. Hau da, GEDren izpiritua, estiloa, Iparraldeko gizartearengan hedatutako jarrera eta ikuspegi bat zela erran genezake. Oinarri eta balore demokratikoko sentsibilitate politiko ezberdineko jendea bildu elkarrekin lana egin dezaten nahi genuen. Hori, Ipar Euskal Herrian ez da atzoko kontu bat. Jada landutako kontu bat da. Hegoaldean ez zegoen hori. 


GEDek zerbait ekarri badio euskal gizarteari bereziki Hego Euskal Herrikoari da. Dinamika sortu da elkarlana eta adostasun eremuak auspotzeko. Eremu horrek Iparraldean bere oinarria zuen. 
H
ego Euskal Herrian duela lau urte ez zegoena lortu da. Hau da, GEDren inguruan eragile ezberdinetako konplizitatea eta elkarlana sortu da, oinarrian herritarrek bultzatu dutena. Iruditzen zait eszenario hori Iparraldekoari parekatuagoa dagoela orain, duela lau urte baino. 


Galdeketen desmartxa Ipar Euskal Herrian ere gauzatu litzateke?


Galdeketa ildo bat da. Horiek herritarren ahalduntze bat dakarte, konplizitate bat. Galdeketen ildoa Hegoaldean lortzen ari da. Iparraldean tresna hori izan daiteke edo beste bat. Azken finean GED egiten ari dena da demokrazian gehiago sakontzea. 

L

eku bakoitzean, erabakitzeko eskubideak askotariko formak hartzen ditu. Baliteke Iparraldean galdeketen ildoa ez sustraitzea, baina beste ildo batzuk agertu daitezke. Hau da, guretzako galdeketak tresna dira baina guretzat garrantzitsuena Hego zein Ipar Euskal Herrian sintonia beran aritzea da. Iruditzen zait sintonia komun horrengandik gertuago gaudela orain, orain dela lau urte baino. 



Gaur egun nolakoa da erabakitzeko eskubidearen inguruko testuingurua? 



Iduritzen zait gaur egungo testuingurua ez-ohikoa dela. Kostatzen zaigu hitz hori erabiltzea askotan erabili delako, baina ausartuko naiz erraten memento historiko batean gaudela Euskal Herriari begira. Alde batetik, Iparraldean, hiru probintziak Instituzionalki pausu komunak ematen hasi dira. Hegoaldean bi Gobernuetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako udaletxeetan eta udalerri gehienetan erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak daude. Badago behingoz Hego Euskal Herrian sentsibilitate ezberdinetako jendea biltzen duen dinamika bat. Iparraldean ere bakearen artisauen ekarpena azpimarratzekoa da.

 

Egoera berezia da, ez-ohikoa. Eskoziatik ikusten dugu herritarrek hitza hartzea normala dela, demokratikoa dela. Kataluniatik herritarrak protagonista izatera jauzi egiten duten mementoan gaude. Guk uste dugun baino gaitasun gehiago dugu gure etorkizuna baldintzatzeko eta horretan eragiteko. Ipar eta Hego Euskal Herrian dinamikak ezberdinak diren arren, enbor bera dute. Arazo edo konflikto politikoa zenak, demokrazian sakonduz, erronka politikoa izateko eremura pasa behar du.

Madrili eta Parisi begira, zer egin herriaren borondatea gauzatzeko? Aitzina pausu berri bat emateko?

Iduritzen zait ikusi dugula muga handienak ez ditugula 500 kilometrotara, askotan harresi handienak gure baitan ditugu. E
z dakigu zenbatekoa izango den Madrilek edo Parisek jarriko dizkigun harresiak, baliteke agian iristen garela eta kriston harresia dela. Agian azpitik pasa gaitezke ere. Agian iristen gara eta ez da hain handia. Ez dakigu. Baina, ibiltzen hasi gaitezen. Guretzat ziklo bat hestea beharrezkoa da beste bat idekitzeko. E

dozein gai eztabaidatu eta adosteko, eszenarioa sortu behar dugu. Gure ondorengoentzat, baita guretzat ere utz dezakegun lekukorik aberatsena da. 



Katalunia aipatu duzu. Gure Esku Dagok zein sentimendurekin begiratzen du Katalunia?

Gure ustez eredu ezberdinetatik asko daukagu ikasteko. Eskoziatik erabakitzea normala dela. Kataluniatik ikusten dugu aitzakiak bukatu direla. Hau da, gaur egun dauden ordezkari politikoak atzo zeuden berdintsuak dira. Gaur egun jarrera aldatu dute ordezkari horiek. Zergatik? Ordezkatuak direnek ere jarrera aldatu dutelako. Fokoa ez da kanpoan jarri beharrik, fokoa guregan baita. Begirada guregan jarri behar dugu. Herritarrok gure jarrera aldatzen dugun heinean, gure ordezkarien jarrera ere aldatuko da. Hori ez da utopia bat, errealitatea baizik. 



Gehiago diot, guretzat ez Eskozia ezta Katalunia ere ez dira gure ereduak, gure eredua euskal eredua da. Eraikitzeko daukagun eredua. Elkarrekin eta eragile ezberdinen artean gure errealitatera egokituta egin beharreko eredua. Norabide horretan, Hego eta Iparraldeko errealitateak eta aniztasunak aintzat hartuta, gure errealitatera egokitutako eredu bat sortzen dugun mementoan orduan hasiko gara eraginkorrak izaten.

Z

ein dira etorkizuneko erronkak? 



Hurrengo galdeketa olatua azaroaren 5ean izango da. Beste 300 mila eremutara iritsiko da galdeketa olatua. Aurten, milioi bat pertsona bizi diren eremutara ailegatuko da galdeketa. Uste dugu 2019rako Gure Esku Dagok bere etxeko lanak eginak izan beharko lituzkeela.

Gure asmoa izango litzateke galdeketak ahalik eta eremu gehienetara iristea, horrek suposatzen duelako eremu bakoitzera eztabaida bat iristen dela. Bestalde, gure helburua litzateke ahalik eta eragile gehienetara iristea. Zertaz, zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun eztabaidatzea. Erabaki eskubidea mamiz bete nahi dugu. Ipar zein Hego Euskal Herriko eragileekin prozesua adostu nahiko genuke.