Kazeta

Jean-Michel Ayçaguerren alde jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu frantsesa kondenatu du Jean-Michel Ayçaguerren bizi pribatua "neurriz kanpo kaltetzeagatik". Laborariak ADN frogak egitera errefusatu zuen 2008an atxilotu zutenean.

Jean-Michel Ayçaguer, Baionako Auzitegian 2009an iragan zen auzian.
Jean-Michel Ayçaguer, Baionako Auzitegian 2009an iragan zen auzian.

Zazpi urteko prozedura judiziala ondoren, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman dio Jean-Michel Ayçaguerri. Estatu frantsesa kondenatu dute bizi pribatua "neurriz kanpo kaltetzeagatik". Hain zuzen, 3.000 euro ordaindu beharko dizkio Ortzaizeko laborariari kalte moralengatik. Horrez gain, beste 3.000 euro eman beharko dizkio gastuak ordaintzeko. Anne-Marie Mendiboure abokatuak "oso pozik" daudela aitortu du.

Jean-Michel Ayçaguerre Kako etxaldea defendatzeko ekintza batean atxilotu zuten 2008an. Atxilotu zutenean ADN arrastoak hartu nahi zizkioten baina laborariak errefusatu zuen. Hori dela eta, Baionako auzitegiak 500 euroko isuna pagatzea kondenatu zuen 2010ean.

Bere abokatuak helegite bat aurkeztea erabaki zuen Paueko auzitegian. Azken horrek kondena berretsi zuen 2011ko otsailaren 3an. Orduan, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea erabaki zuen laborariak.

"Garaipen ederra"

ELB sindikatuak agiri baten bidez azaldu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak "garaipen ederra" irudikatzen duela. "Ekintza sindikalen kriminalizazioa ezin da onartu, ezta jendeen fitxategi masiboa ere (neurriz kanpoko epeendakoa dena, gainera: 40 urte)", aipatu du.

Bere aburuz, erabakia aitzindaria izan daiteke beste hainbat aferentzat. "Europako justiziak dio gizarte demokratiko batean horrelako neurriak ez direla beharrezkoak", erantsi du.