Kazeta

Akademiaren erabakien kontra mobilizaturik Donapaleu eta Donibane Garazin

Mobilizazio berri bat burutu dute Donibane Garaziko La Citadelle kolegioko burasoek ekainaren 22an. Bi klase hestearen kontrako iritzia adierazi dute. Gisa berean, Amikuzeko kolegioko burasoek asteazkenean elkarretaratze bat antolatu zuten. Kasu horretan, gela berri baten idekiera aldarrikatu dute.

La Citadelle ikastetxean mobilizatu dira ekainaren 22an.
La Citadelle ikastetxean mobilizatu dira ekainaren 22an.

Heldu den ikasturteari begira Akademia ikuskariaren aurreikuspenen kontra mobilizatzen ari dira hainbat kolegioko burasoak. Hain zuzen, Donibane Garaziko La Citadelle kolegioko burasoak baita Donapaleuko Amikuze kolegiokoek ere beren haurrek baldintza egokietan ikas dezaten nahi dute. Horretarako mobilizatu dira azken aste hauetan.

Hirugarren aldiz, La Citadelle kolegioko burasoek ikastetxeko sarrera blokeatu dute ekainaren 24ean. Berriz ere 3. eta 4. mailako bi gelen desagerpenaren kontra agertu dira. Oroitarazi behar da Akademiak klase bakoitzeko 30 ikasle aurreikusten dituela.

Donibane Garaziko ekimenera hurbildu direnek sarbidea oztopatu dute. Haatik, Hélène Lacam ikasle baten amak azaldu duenez, 3. mailako ikasle zein irakasleei pasatzen utzi diete, Brebeta azterketa laster helduko baita. Mobilizazioak egun guzian iraun behar duela dio burasoak. Ekimenean zuzendariarekin hitz egiteko aukera ukan dute. Gainera, Jean Lassalle laugarren hautesbarrutiko diputatuaren ordezkoa den Barthélémi Aguerre protestara hurbildu dela aipatu du.

Burasoak ekainaren 11n Pauera joan ziren Akademia zuzendariarekin elkartzeko. Horiek hogeita hamar ikasle errezibitzeko La Citadelleko klaseak oso tipiak direla ohartarazi zioten. Lacameren erranetan, geroztik "jarrera bera mantendu du". "Gelak bisitatzera etortzeko gonbidapena luzatu diogu", erantsi du burasoak.

3. mailako 3. gela bat

Amikuze kolegioko burasoek ere beren aldarrikapenak ozen entzunarazi zituzten ekainaren 21ean. Mobilizazioaren bidez, hitzordu bat eskatu nahi zioten Pierre Barrièrre Akademia ikuskariari. Hain zuzen, heldu den ikasturterako hirugarren mailako hirugarren gela bat idekitzea aldarrikatu zuten. Erran bezala, Hezkuntza Nazionalak dio hogeita hamar ikasleen kopurua gainditu behar dela gela berri bat idekitzeko.

Oraingoz hirurogei ikaslek izena eman dute 3. mailarako. Burasoek ekimenean azaldu zutenez, ez dituzte kontutan hartu izen emate posibleak, hots ekainean izena eman dezaketen gazteak. Beren aburuz, klaseak "gehiegi kargatuak" dira eta horrek haurren irakaskuntzan eragina izanen du.