Muno Wieneck

Gustu guztiak asetuko ditu Baionako Musikaren Bestak

Udari ongietorria ematen dion ospakizuna errezibituko du Baionak ekainaren 21ean: Musikaren Besta. 20. edizio honen helburua Santa Izpiritu zubiaren muga haustea da, honek baititu hirigunea eta Aturri ibaiko eskuin aldea bereizten.

 

Baionako txoko anitzetan animazioak proposatuko ditu Herriko Etxeak. © Isabelle Miquelestorena
Baionako txoko anitzetan animazioak proposatuko ditu Herriko Etxeak. © Isabelle Miquelestorena

Baionarrentzat gertakari hori garrantzitsua da uda eta bestaren sasoia idekitzen baitu. Herriko Etxeak programa sakona antolatu du ekainaren 21ean iraganen den egun tradizional horretarako. Jendea hiri zaharrera eta Santa Izpiritu zubiaren bestaldera erakartzeko asmoarekin tokietan estilo anitzeko musika motak izanen dira.

Hiru eszenatoki izanen dira Santa Gurutze eta Santa Izpiritu artean banatuak izanen direnak, ohituren aldatzeko: Markixaren plazabaratzea, Santa Katrina karrika eta Naturaren antzokia.
Markixa plazabaratzean, arratsaldea haurrei eskainia izango zaie, animazio eta idatzizko rap tailerrekin.

Naturaren antzokian, sorkuntza original bat eginen da 18.30etan klasikoa eta hip-hoparen artekoa, Vincent Tailleur biolontxelo jolea eta Karin Mihoud dantzariaren parte hartzearekin.

Programaren parte nagusia hala ere Baiona Tipia eta Handiaren arteko auzo guneetan iraganen da. Eszenatoki anitz barreiatuak izango dira hiriaren erdialdean eta Peñek ere haien ateak irekiko dituzte animazioak proposatzeko.

Begiz begi

Euskal musika tradizionala maite dutenentzat, Euskal Museoan  Erro Bat danborrada entzun eta ikusteko parada eskainiko dute. Haiek koru eta ballet euskalduna proposatzen dituzte. Euskal musika modernoagoa nahiago dutenentzat, ordea, Begiz Begik ordu berean kontzertu bat eskainiko du Roland Barthes zelaigunean. Halaber, Baionan Kantuzek euskal kantuak abestea proposatuko du 19.00etan artzainaren plazan, katedralaren azpian.

Jazz estiloko zaleentzat ere animazioak proposatuko dituzte. Hain zuzen, 18.30etan Lacarre plazan Go Swing taldeak giroa alaituko du. Jazz zaleek 21.00etan ibilaldi musikari bat segitzen  ahalko dute, Plonchottean Marc Tamourindeguy Qartet taldea entzuteko.

Rocka ere programan presente izango da: The stampersekin 22.30etan artzainaren plazan. Reggae zaleentzat Tremplin Baiona  Live 2017 txapelketaren irabazleak "I sens and the diplomatik’s" joko du Askatasunaren plazan 21.45etan. Hip-hop eta musika afrikarrak ere programa osatuko dute.