Prefekturaren erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztu du Lataillade familiak

Pirinio Atlantikoetako prefekturak Bidaxuneko Lataillade familiaren etxaldeko ahateak hiltzea agindu zuen ekainaren 7an. Hegazti gripearen kontrako neurriari bizkarra eman eta ekoizleek etxaldetik kanpo eraman zituzten ahatekumeak iragan astean. Familiak prefekturaren erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztea erabaki du. Ikerketa judiziala burutzeko, polizia etxaldera hurbildu da ekainaren 20ean.

Kazeta|2017/06/19 23:10|0 iruzkin
Gar_cannetons_chargement_depart_bidaxune_imiquelestorena10
Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten ekainaren 14ean. © Isabelle MIQUELESTORENA

Prefekturak Bidaxuneko Lataillade etxaldeko ahateak hiltzeko agindua eman zuen ekainaren 7an. Analisiek ahatekumeak sanoak zirela frogatu zutenez, horiek salbatzea erabaki zuen ELB sindikatuak. Hain zuzen, iragan ekainaren 14ean ekoizleek ahatekume guziak etxaldetik atera zituzten; mila ahatekume inguru.

Ekainaren 20ean, goizean goiz, polizia andana bat hurbildu da Lataillade familiaren etxaldera. Pampi Saint-Marie ELBko sindikatuko bozeramaileak Euskal Irratietan azaldu duenez, ikerketa judiziala burutzeko joan dira. Sindikatua erne egonen dela aipatu du.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak azaldu duenez, Baionako Bilaketa brigada igorri eta etxaldeko arduradun juridikoa galdezkatuko du.

Familiak prefekturaren erabakiaren kontra helegitea aurkeztu zuen ekainaren 19an Paueko Auzitegi administratiboan. Prefekturak, erabakia horren bidez, hainbat neurri plantan ezarri zituen. Hala nola, kabala guzien kontaketa, animaliak mugitzeko debekua eta ahate guztiak hiltzeko agindua.

ELBk errekurtsoaren segipena egiten du familiarekin batera. Oraingoz auzia noiz iraganen den ez daki sindikatu abertzaleak. Helegitea aurkeztu eta 48 ordu pasa ondoren, zortzi eguneko tartea du epaitegiak txostena ikertu eta auziaren data finkatzeko.

Ikerketa abian da

Gainera, Pirinio Atlantikoetako prefekturak Baionako Auzi zibilen auzitegiari jakinarazi dio bere erabakia ez dela aplikatua izan. Hots, erabaki administratiboa ez dela errespetatua izan. Neurriari oposizioa erakusteagatik eta Estatuko zerbitzu bati, albaitaritza zerbitzua kasu, bere lana burutzen ez uzteagatik sesitu du justizia prefekturak.

Neurriaren aplikazioaren ukatzea arau hauste penal gisa kontsideratzen ahal litzateke, gertakariak frogatuak balire. Prokuradoreak erran duenez, ikerketa abiatu dute norbaitek erabakiaren kontra jo duen jakiteko.

Bozeramaileak jakinarazi duenez, sortu berri ziren ahatekumeak eraman zituzten laborariak ere "auzipetuak izateko mehatxupean daude". Oroitarazi behar da, ahatekume guziak emanak izan zitzaizkiela ekoizleei, ELBren begiradapean.

Bozeramaileak azaldu duenez, asteazken honetan ere, sortuko diren ahateen xerka joanen dira ekoizleak. Oraingoz sindikatuak ez du erabaki mobilizaziorik antolatuko duen edo ez.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK