Estatus politikoari buruzko galdeketa olatua Nafarroara ailegatu da

Orotara 23.000 nafartar erabakitzeko eskubideari buruzko ekimenean parte hartzera deituak ziren ekainaren 18an. Orotara 7.784 herritarrek Gure Esku Dagok antolatu duen galdeketetan parte hartu dute. Gure Esku Dagok lanean jarraituko du Euskal Herrian "erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki".

 

Kazeta|2017/06/19 10:45|0 iruzkin
Loading player...

Bortziriak, Imotz-Basaburua, Sakana eta Mendialdeko 24 herritako 7.784 bizilagun hurbildu ziren  hautetsontzietara ekainaren 18an, Gure Esku Dagok bultzatutako galdeketetan parte hartzeko. Botoa emateko aukera zuten 27.000 herritarren %28,73, hain zuzen ere. Euskal Herri osoan, jada 150.000 lagunek baino gehiagok erakutsi dute burujabe izateko borondatea, Naiz atariak azaldu duenez.

Leitzan eman ditu azken parte hartze datuak herri dinamikak eta hantxe egin dute egunaren balorazioa. "Ahaldundu egin gara. Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinaduren bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu, atxikimendu anitzak bildu ditugu, mintegiak eta tailerrak egin ditugu galdera adosteko… prozesu parte-hartzaile eta bateratzailea egin dugu galdeketara iristeko", nabarmendu dute. Horren guztiaren emaitza izan dira gaurko galdeketak, ehunka boluntarioren laguntzarekin.

Gaurkoak Nafarroan ere erabakiaren bideari ekiteko borondatea eta konpromisoa badela erakutsi du Gure Esku Dagoren iritziz, "ezina ekinez egiten delako". Eta horregatik, datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dute, "borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki".

"Bide berri bat hasi dugu Nafarroan, jarraipena izango duen itxaropenarekin", adierazi dute.