Elikadura burujabetzaren aldeko aldarria Aitzinaren eskutik

"Guk EH" kanpainaren baitan, ekintza berri bat burutu Aitzinak ekainaren 17an. Hain zuzen, elikadura burujabetza aldarrikatzeko herri bazkari bat antolatu zuen Hendaiako Mcdonal’s jatetxean.

Kazeta|2017/06/19 11:50

"Guk elikadura burujabetza!" lelopean ekintza berri bat burutu zuen Aitzinak ekainaren 17an. Hendaiako MacDonaldsen sartu eta herri bazkaria antolatu zuen gazteriak. Multinazionalen aitzinean, gazteek herriaren eta herritarren interesak defendatu nahi dituela nabarmendu du antolakundeak.

"Mundu mailako orden agroalimentario kapitalistaren ikurra da Mac Donalds. Hobeki erran, mundu mailako sarraskien erantzulea da urtero milioiak eta miloiak poltsikoratzen dituen enpresa. Planetaren lau haizetara hedatu izan dira Mac Donalsen elikagaiei buruzko eskandaluak. JAOak, hormonak eta gaixotasunak daramatzen haragi-xerra mutanteak iritsi izan dira bezeroen plateretara. Monsanto bidelaguna aberasteaz harago, kontsumitzaileen eta laborarien bizitza hipotekatu du elikadura-lasterraren mundu mailako liderrak", azaldu dute protestaren antolatzaileek.

"Haatik, jendearen kontzientziatzea gero-eta handiagoaz jabeturik, aurpegi garbiketa egin nahi izan du. Diruz hornituriko itxurakeria besterik ez da izan ez den komunikazioa. Frantses banderatxoak agertzen dira orain multazionalaren iragarkietan. Frantziako behi hazkuntzak sustatzea omen dute helburu, nortasunaren defentsaren eta hurbiltasunaren izenean. Baina nork erranen digu nondik heldu den behien bazka? Nork ziurtatuko digu JAOrik ez daramatela? Badakigu Frantziako hazkuntza industrial guti batzuren mesedea eta laborari xume anitzen kaltea besterik ez dakarrela politika honek. Eta ez dugu iritziz aldatuko garai bateko logo hori eta gorriaren ordez, oraingo marroi eta berdea ikusiz edo Mac Donaldsek paradisu fiskaletan dituen miloien berri izanez", gaineratu du Aitzinak.

"Hori guti balitz, Mac Donalds jatetxeak gune prekarioak dira. Gazteentzako behin-behineko kontratu miserableak dira hemengo lege. Hori bai, jatetxearen zuzendariak langile soil batek baino hamar aldiz gehiago irabazten du. Zaharrak berri, batzuren irabazia, gazteon miseria. Euskara ere debekatua dago hemen, euskarak ez omen du saltzen janari ustelaren erreinuan. Gogoan dugu, bezeroekin euskaraz mintzatzeagatik jatetxe honetatik kanporatu zuten Hendaiako gaztea. Injustizia honen aurka ere oldartzen gira gaur", salatu dute.

"‘Guk Euskal Herria!’ kanpaina honetan, gure bizitzaren arlo guzietan burujabe izan nahi dugula aldarrikatzen ari gira. Gure herriak urratsak egin behar ditu elikadura burujabetzaren bidean. Laborantzatik bizitzea gero-eta zailagoa da ordea. Laborantzako lurrak espekulaziorako erabiltzen diren bitartean, etxalde industrialek irabazten dituzte merkatuen monopolioak. Horren adibide argia izan da ahate gripearen kasua. Etxalde industrialak sorturiko epidemiei aurre egitearen estakuruarekin, etxalde ttikien aurkako erabakiak hartu dituzte botere publikoek. Domintxinen, Gabadin edo Barkoxen egin bezala herri honek bere laborantza eredua eraikiko dugu;Estatuaren legezkotasunaren aurka, zilegitasunez desobedituz", aldarrikatu dute.