Macronen mugimendua garaile bosgarren eta seigarren bozka guneetan

Florence Lasserre eta Vincent Bru bosgarren eta seigarren hautesbarrutiko diputatu berriak izango dira, hurrenez hurren. Lasserrek bozen %57,03a eskuratu du. Kanboko auzapezaren kasuan, ordea bozen %62,51ak bere alde jo du.

Kazeta|2017/06/18 21:00
Befunky_collabrulassge
Vincente Bru eta Florence Lasserre seigarren eta bosgarren hautesbarrutiko diputatu berriak izango dira. ©Bob EDME

Lapurdiko hiriburu nagusiek Emmanuel Macron Estatu frantseseko lehendakariaren mugimenduaren alde jo dute. Hala nola, Baiona, Angelu, Biarritz eta Hendaiako hiriak. Florence Lasserre eta Colette Capdeviellen arteko lehian, La République en Marcheko hautagaiak garaipena lortu du eskuratu dituen bozen %57,03ari esker. Halaber, Vincent Bru seigarren bozka guneko diputatu berria izendatuko dute bozkatzaileen %62,51a bereganatu ondoren.

Colette Capdevielle orain arteko diputatu sozialistak bere eserlekua utziko dio Lasserreri. Emaitzak jakin ondoren, bere lehiakidea zoriondu du Capdeviellek France Bleu irratian. Zorte ona opa eta, ondokoa azaldu du: "espero dut kargua asumitzeko gai izango dela". Azken bost urteetan berak hala egin duela azpimarratu du sozialistak. "Kargu horrentzat esperientzia eta erresistentzia ezinbestekoak dira", gehitu du.

Bosgarren hautesbarrutian bezala, seigarrenean ere Macronen mugimenduak boza gehien eskuratu dituen alderdia da. Lehia zuzenean zegoen Maider Arosteguy Errepublikanoak mugimendukoak, ordea, bozen %37,49a lortu ditu.

Inkestek bigarren itzuli konplikatua aurreikusten zuten seigarren hautesbarrutian, Vincent Bruk "ez [zuen] baldintza horietan hautatua izatea espero". Aitortu du, hala ere, Maider Arosteguyk emaitza onak egin dituela, bere hauteslegoa mobilizatu dela dio. Hala ere, bere ustez, La République En Marche etiketak eskuineko eta zentro-eskuineko bozak ere erakarri ditu. Ezkerreko hautesleak, aldiz, etxean gelditu direla pentsatzen du Bruk.

Nahiz eta hauteskunde honetan izandako abstentzioa kezkagarria den, ez diela hauteskunde hauei sinesgarritasuna kentzen nabarmendu du diputatu berriak. "Kasu guzietan, arau demokratikoa aplikatzen da. Ez da azpi-diputaturik, ez da azpi-hauteskunderik".

Hemendik aitzina, Vicent Bruk Pariseko bidea hartuko du eta tokiko mandatuak utziko dituela iragarri du. Ez da gehiago Kanboko auzapeza izango ezta departamenduko kontseilaria ere. Herriko Etxean izango duen ordezkariaren izena, berriz, ez da oraindik jakina. Ezta ere, Legebiltzarrean integratuko duen taldearen izena Modem edo La République En Marche izanen den. Segur dena da ez dela Gobernu berriaren kontrako talde batean izanen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK