Kazeta

Diputatu eserlekua salbatu du Jean Lassallek

Ezustekoa eman du bosgarren hautesbarrutian Jean Lassallek. 2002az geroztik diputatua denak bozen %52,79a eskuratu du. Lehia zuzenean zeukan Loic Corrégék (La République en Marche)  hautagaiak bozen %47,21a lortu du.

Jean Lassalle laugarren hautesbarrutiko diputatua izaten jarraituko du. © Marie-Lan Nguyen
Jean Lassalle laugarren hautesbarrutiko diputatua izaten jarraituko du. © Marie-Lan Nguyen

Lehen itzulian Emmanuel Macronen alderdiko hautagaiek lortutako emaitzak kontutan hartuz, gutxi batzuk Jean Lassallen aldeko apustua egin zuten bigarren itzulirako. Azkenean, garaipena lortu du Lassallek laugarren hautesbarrutian. Hain zuzen, bozkatzera joan diren %52,79ak bere alde jo du.  Hori dela eta, bere diputatu eserlekua mantenduko du biarnesak.

"Nehork ez zuen aurreikusten ahal", aitortu du Jean Lassallek emaitzak jakin bezain fite. "Barnekaldeko euskal herritarrek eta biarnesek ez dituzte joera nazionalak onartzen ahal", erranez azaldu du bere garaipena. Irabazi dituen hiru hauteskundeak hartu ditu adibide gisa. Aldi oro laugarren hautesbarrutiko bozkatzaileek Estatu frantsesean izan diren mugimendu orokorren kontra jo dute, Jacques Chiracen legealdian, Nicolas Sarkozyrenean eta François Hollandenean.

Hautesbarruti horretan, abstentzioa ere aurkako norabidean agertu da. Haatik, azken horrek ez die diputatuei sinesgarritasuna kentzen, Jean Lassallen aburuz, baina bai, ordea, sistema politikoari.

Baxe Nafarroako herri gehienetan bozen gehiengoa eskuratu du Jean Lassallek. Hala nola, Anauze, Aintzile, Ainiza Monjolosen eta Alduden.

Hemendik aitzina, diputatu biarnesak bere laugarren legealdia abiatuko du talde parlamentari bati lotua izan gabe, nahiz eta ez duen Emmanuel Macronen gehiengoarekin duen hurbiltasuna nehoiz gordetu. Aldiz, ez du zehaztu bere azken legealdia izango den edo Michel Inchauspé diputatu ohiaren marka gainditzeko asmoa duen.

La République en Marche alderdiko hautagaia den Loic Corrégék bozen %47,21a lortu du. France Bleu irratian egindako adierazpenetan Corrégék emaitzak baita bozkatzaileak ere errespetatzen dituela nabarmendu du. Bere aburuz, abstentzioak aldi honetan ez du Emmanuel Macronen alde jo. Etorkizunari begira, LRM alderdiko baloreak defendatzen segituko dituela aipatu du.

Abstentzioa gora

Lehen itzulian bezalaxe, bigarren honetan ere abstentzio handia izan da beste protagonista nagusia. Boz baliogabeak eta zuriak ere asko igo dira, bai lehen itzuliarekin alderatuta bai orain dela bost urteko bigarren itzuliarekin alderatuta.