Bainua debekatu dute Ziburu eta Donibane Lohizuneko hondartzetan

Nitrogenoz beteriko ziterna bat arraildu da Urruñako laborari baten etxaldean. Hori dela eta, hogeita hamazazpi mila litro produktu isuri dira itsasora. Kutsadurak dituen arriskuak saihesteko, Donibane Lohizune eta Ziburuko hondartzetan bainatzea debekatu dute.

Kazeta|2017/06/16 13:10
Saint_jean_de_luz_la_plage
Ikerketa bat abiatu dute gertakariaren zergatiaren berri ukaiteko.

Gertakaria Benat Exposito Urruñako Herriko Etxeko Laborantza auzapezordearen etxaldean iragan zen ekainaren 15ean, 19.30ak aldera. Laborariak ziterna bat bete zuen hogeita hamazazpi metro kuboekin eta euskarria arraildu zen. Produktua Untxin errekara isuri eta, itsasoraino ailegatu da.

Orotara 37.000 litro nitrogeno isuri dira ozeanora. Hori dela eta, Eskualdeko Osasun Agentziak, Donibane Lohizune eta Ziburuko Herriko Etxeen adostasunarekin, hondartza guztietan bainua debekatzea erabaki du.

Fauna eta flora hunkituak izan direla aipatu du Odile De Coral Urruñako auzapezak. Bere erranetan, errekan "jadanik arrain hilak agertu dira".

Eskualdeko Osasun Agentzia kalteak ikertzen ari da. Orduro laginak hartzen dituztela erran du auzapezak. Ikerketa abiatu dute. Hain zuzen, adituak eta polizia etxaldera hurbildu dira gertakariaren zergatia ikertzeko.

Oraingoz ez dute zehaztu asteburu honetan hondartzak hetsiak mantenduko dituztenez.