Mugimenduak irudikatzen duen "alternatiba" garatu nahi du EH Baik

Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzekin pozik agertu da EH Bai. Ipar Euskal Herrian ezkerreko lehen emaitza dela goraipatu du ekainaren 14ean. Herritarrek "alternatiba gisa" irudikatzen dute mugimendu abertzalea. Bigarren itzuliari begira bozka gomendiorik ez ematea erabaki du.

Maite UBIRIA|2017/06/15 16:05|0 iruzkin
Guz_ehbai_prentsaurrekoa_legislatives_baiona_imiquelestorena01
Boza ez du inoren alde eskatuko EH Baik. ©Isabelle Miquelestorena

Peio Etxeberri-Aintzart seigarren barrutiko hautagaiak, Anita Lopepe laugarreneko zerrenda-buruak eta Peio Mentak, bosgarren eremuko hautagai Laurence Hardouinen ordezkoak, hartu zuten hitza ekainaren 14ean Euskal Herria Baik hauteskundeetan bildutako emaitzak baloratzeko eginiko agerraldian, Garako artikuluak azaldu duenez.

Frantziako Legebiltzarrerako lehen itzulian 12.665 boto bildu zituen EH Baik, duela bost urteko emaitza aise gaindituz. Orotara 1.242 boto gehiago jaso zituen koalizioak, botoen %10,42 lortuz. Emaitza horri esker, "EH Bai ezkerreko lehen indarra bilakatu da oso testuinguru berezian egin diren hauteskunde hauetan", azaldu zuen Lopepek. Esan zuenez, gero eta herritar gehiagok "alternatiba gisa" irudikatzen dute EH Bai, "hori herriz herri, eta sailez sail, militanteek urte luzeetan egindako lanaren emaitza" dela nabarmenduz. Laugarrena "naturaz kontrako" hauteskunde-barrutia izanda ere –Biarnoko zein Euskal Herriko kantonamenduak hartzen ditu bere baitan–, euskal eremua soilik hartuta "bigarren heltzeagatik" kontent azaldu zen hautagai baxenabartarra, eta Baiona eta Angelu biltzen dituen bosgarrenean "oraindik ere zailtasunak" dituztela aitortu zuen. Era berean, seigarren hauteskunde-barrutian lorturiko aitzinamendua azpimarratu zuen.

Hiru zutaberen gainean

Hain zuzen ere, hauteskunde-barruti horren hautagai Peio Etxeberri-Aintzartek EH Baik hiru zutabe dituen egitasmoa defendatzen segitzeko asmoa duela adierazi zuen. Hauteskundeak koalizioarentzat "tresna bat baizik" ez direnez, aitzinean "proiektu abertzale, ezkertiarra eta ekologista egunerokotasunean garatzen segituko du". Eremuz eremu, "presoak ahal den eta azkarren askatzeko" lana eta frantziar gobernu berriak plantan emanen dituen erreforma antisozialak gelditzeko dinamika lehentasuntzat jo ditu EH Baiko ordezkariak. Erronka ekologikoa ezin ahantzi: "Vincent Bru LREM-ko hautagaiak orain kontra dela esan arren, bere nagusi Macronek eginiko ustiaketa mota horren liberalizazioa ahalbidetu du. Urre meategien proiektua errefusatzen dugu, eta irailean antolatu mobilizazioetan izanen da EH Bai".

 

"Ez dugu inoren aldeko botoa eskatuko bigarren itzulian"

Hauteskundeetako lehenengo itzulian hirugarren indarra izan zenez, heldu den igandeko behin betiko bozketari begira abertzaleen botoak gutiziatzen dituzte gainerako hautagaiek.

Ikusmin berezia sortzen du bosgarren hauteskunde-barrutian izanen den lehiak. Eremu horretan soilik izanen baita hautagai makronistaren aurrean PSko ordezkari bat. Hori bai, Colette Capdevielle, Hollanderen murrizketak babesteaz gain, Macronek aitzineratu nahi dituen erreformak "banan-banan" aztertzeko eta, agian, babesteko asmoa azaldu du. Egoera horretan, EH Baiko militanteek "hiru hauteskunde-barrutiendako erabakia hartu dutela", azaldu du Peio Mentak. Koalizioak defendatzen dituen proposamen nagusiak ez direla ordezkatuak izanen azaldu du bosgarren hauteskunde-barrutiko hautagai ordeak: "Gure deliberoa izan da boza inoren alde ez eskatzea; gure hautesleak aski helduak baitira erabakiak hartzeko". M.U.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK