Euskaraz Bizi Eguna antolatu dute Urruñan ekainaren 17rako

Urruñako Euskal Herrian Euskaraz elkarteak "Euskaraz Bizi" eguna antolatu du ekainaren 17rako. Herri bazkaria ondoren, adin guziei zuzenduriko animazioak proposatuko ditu.

Kazeta|2017/06/14 15:25
Guz_euskaraz_bizi_eguna_porrotx_joaldunak_baiona_imiquelestorena03
Euskaraz Bizi Eguna ospatu zuten Baionan iazko apirilaren 16ean.

Beste urte batez, "Euskaraz Bizi" eguna errezibituko du Urruñak. Aurtengo ospakizuna ekainaren 17an iraganen da herriko pilota plazan. Animazioak, tailerrak eta kontzertuek egitaraua osatuko dute.

13.30etan hasiko den herri bazkariak hasiera emanen dio euskararen aldeko ekimenari. Ondotik, 15.30etan ofizialtasuna aldarrikatuko duen argazkia aterako dute parte hartzaileek.

Arratsaldean, adin guziei zuzenduriko animazioak proposatuko ditu elkarteak. Hain zuzen, 16.00etan Pontx pailazoarekin memento goxo bat pasatzeko parada izanen dute. 17.00 eta 18.00etarako Yoseikan Budo tailerrak antolatu dituzte.

18.30etan "Mollky txapelketa nazionala" antolatu dute. Parte hartzaileek egurrezko boloak eroraraziz berrogeita hamar puntura iritsi beharko direla azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, arau zehatz batzuk errespetatu beharko dituzte. Antolatzaileen erranetan, "Euskal Herrian ez hain ezaguna den joko bat da".

Gauean, 20.30etan abiatuko diren kontzertuek bukaera emanen diote egunari. Nat eta Watson ondoren, Tutti Frutti dj-a eta karaokea proposatuko du Euskal Herrian Euskaraz elkarteak.